AKTUALITATEA


| 2021-05-27 17:51:00

EH Bildu Bilbok eskatuta, Bilboko Udalak ikasketa gelen eskaintza handituko du azterketa garaietan, horretarako udal ekipamendu erabilgarriak helburu horretara bideratuz, COVID 19aren arautegiaren ondorioz galdutako aforoa arintzeko. EH Bilduk aurkeztutako mozio baten ondorioz, alderdi soberanistak eta gobernu taldeak egindako zuzenketa onartu ostean adostu dute akordioa.

Era berean, akordio honen bidez, Bilboko Udalak Bilbon ikasgelak dituzten erakundeei ikasteko lekuen eskariari erantzun egokia emateko eskatuko die.

Asier Gonzalez EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, akordio horrek Bilboko ikasgeletako edukiera-defizita arintzen lagunduko du, izan ere, plazak eskariari erantzuteko urriak baziren, indarrean dauden arauen ondorioz arazoa areagotu egin da.

Gonzalezek azaldu duenez, pandemia dela eta, udalak normalean eskaintzen dituen espazio gehigarriak, non edukiera murriztu behar izan den, “ez dira nahikoak dagoen eskariari erantzuteko;  beraz, ilarak sortzen ari dira sartu ahal izateko, eta horrek egoneza eta haserrea sortzen du erabiltzaileengan, askotan ikasteko tokirik gabe geratzen baitira”.

Horregatik, Gonzalezen ustez, “eskaintza zabaltzeko neurriak hartu behar dira, ikasteko leku gehiago gaituz eta Bizkaiko Foru Aldundiari eta unibertsitateei eskatu beharko zaie beren ikasgelak berrirekitzeko eta berregokitzeko, lehenbailehen; hain zuzen ere, horixe da lortutako akordioaren helburua”.

“Berehala hartu beharreko neurriak dira, kontuan hartuta jende gehien biltzen diren hilabeteak ekaina, iraila eta urria direla”, nabarmendu du EH Bilduko zinegotziak.