AKTUALITATEA


| 2022-03-03 12:59:00

EH Bilduren udal taldeak, martxoko osoko bilkuran eztabaidatuko den mozio baten bidez, Bilboko Udalak Eusko Jaurlaritzari Basurtuko ospitaleko bihotz-kirurgiako zerbitzua mantentzeko exijitzea eskatuko du, zerbitzu hori ixtea proposatu baitu Osasun Sailak, zerbitzua Gurutzetan zentralizatzeko.

Komunikabideei egindako adierazpenetan, Jone Goirizelaiak, EH Bilduko bozeramaileak, gogorarazi duenez, erabaki horren kontra agertu dira ospitaleko profesionalak eta, Basurtu Bizirik plataformaren bidez, hainbat mobilizazio egiten ari dira horrek eragingo dituen kalteei buruz ohartarazteko. Era berean, sinadura-bilketa bat jarri dute abian Bilboko ospitale publikoa bihotzeko kirurgiarik gabe gera ez dadin. “52.500 sinadura baino gehiago jaso dituzte dagoeneko”, gaineratu du.

Goirizelaiak adierazi du EH Bilduk bat egiten duela Basurtuko profesionalen kezkarekin, eta “ulertezintzat” jo du Lakuako Gobernuaren erabakia. “Hori dela eta, Udal Gobernua erabaki horren aurka ager dadila eskatzen dugu, eta Eusko Jaurlaritzari eska diezaiola bi ospitaleetan, Basurtun zein Gurutzetan, bihotzeko kirurgia mantententzeko eusteko, espezialitate horretako erreferentziazko zentro publikoak izan daitezen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa osoan”.

Bere esanetan, Basurtun eta Gurutzetan kardiologia-zerbitzua eskaintzea, bateragarria izateaz gain, behar-beharrezkoa da, are gehiago kontuan hartuta bietan itxarote-zerrendak dituztela, Basurturen kasuan, gaur egun zazpi-zortzi hilabetekoak baitira. "Zerbitzu hori kentzeak arazoa larriagotu baino ez du egingo", ohartarazi du.

Era berean, gaineratu du zerbitzua kentzeak eragin kaltegarria izango duela zentroko asistentzia-, prestakuntza- eta ikerketa-jardueran, eta ondorio kaltegarriak izango dituela kardiologian, bereziki arritmietan eta hemodinamikan, baina baita beste zerbitzu batzuetan ere, hala nola anestesian, arnasketan, kirurgia baskularrean eta gaixotasun infekziosoetan.

Goirizelaiak azaldu duenez, EAEko bihotz-kirurgiako zerbitzua Basurtuko eta Gurutzetako ospitale publikoek eta Donostiako Poliklinika pribatuak ematen dute gaur, kasu honetan Osakidetzarekin egindako hitzarmen bati esker. Haren ustez, ez du zentzurik Osasun Sailak zerbitzu publikoetako bat ixtea, Basurtukoa, duela bost urte bakarrik inauguratu zena. EH Bilduk kalitatezko osasun publikoaren alde egiten du, eta hori ez da lortzen zerbitzuak murriztuta, nabarmendu du.