AKTUALITATEA


| 2022-05-03 14:10:00

EH Bilduren udal taldeak mozio bat erregistratu du maiatzean eztabaidatzeko,  Errekaldeko saihesbidea egin ahal izateko, Bilboko Udalak Aldundiari eska diezaion eraikuntza-proiektua idazten eta ingurumen eta administrazio izapideak egiten has dadila eta 2022an edo, beranduenez, 2023an horretarako aurrekontua konprometitzeko.

Hala iragarri dute gaur Jone Goirizelaiak, EH Bilduko udal-taldeko bozeramaileak, eta Raul Mendezek, EH Bilduko batzarkideak, Errekalden egindako agerraldian, auzoko bizilagun batzuekin batera. Esan dutenez, 40 urte baino gehiago daramatzate Errekaldeko biaduktua eraistea aldarrikatzen, lau hamarkada baitira horren ondorioak jasaten ari direnak: kutsadura akustikoa, gasen isuriak…

Mendezek gogora ekarri du joan den astean, EH Bilduren batzarkide-taldearen galderei erantzunez, Imanol Pradales Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko foru diputatuak erantzun zuela Errekaldeko zubiaren eraisteak itxaron egin beharko duela, aurrekontu faltagatik. Horrek, bere esanetan, Errekaldeko bizilagunen haserrea eragin du, baita EH Bildurena ere.

"Iragarki honek auzo honetako herritarrei bizkarra ematea dakar, eta, aldi berean, Bizkaiko errepideen Lurralde Plan Sektoriala egiteko gidalerro eta irizpide orokorren dokumentua ez betetzea ere badakar. Plan horrek Errekaldeko saihesbidea eta egungo biaduktua eraistea barne hartzen zituen, eta lehentasunezkotzat jotzen ditu", adierazi du.

Ildo horretan, adierazi du Errekaldeko saihesbidea 94 hilabeteko iraupena duen obra bat dela, ia zortzi urtekoa, proiektu hau errealitate bat izan dadin; beraz, “ezin dugu minutu bat gehiago itxaron prozesua hasteko”. “Aurrekonturik eza ez da aitzakia izan behar, Aldundiak 150 milioi euroko soberakinak baititu,  hasierako 497 milioi euroetatik, gaur egun kontuan hartzen ez diren ezohiko gastuetarako. Baina behar dena borondatea da”, nabarmendu du.

Udala

Ildo horretan, Goirizelaiak adierazi du, Bizkaiko Aldundiak borondaterik ez duenez, Bilboko Udalak exijitu egin behar diola. “Udala ezin da alde batean gelditu, zor historikoa dugu Errekaldeko bizilagunekin. Eta EH Bildutik auzoari irtenbideak eskaintzeko lan egingo dugu”, nabarmendu du.

Hori dela eta, EH Bildu Bilbok mozio bat erregistratu duela iragarri du, Udalak Aldundiari eska diezaion eraikuntza-proiektua idazten eta ingurumen eta administrazio izapideak egiten has dadila.

Gogoratu du, halaber, joan den martxoaren 31n, Bilboko Udaleko osoko bilkuran, HAPOa behin betiko onartu zela, eta, onartzeko prozesuan, udal gobernuak EH Bildurekin konpromisoa hartu zuela biaduktua kentzea lehentasuna izango zela. "Hau ez da EH Bildurekin hartutako konpromisoa, Errekaldeko bizilagunekin hartutako konpromisoa baizik, bizi-baldintza hobeak merezi baitituzte", azpimarratu du.

Beraz, haren ustez, “ezinbestekoa” da Udalak Aldundiari eskatzea “denborak ez luzatzeko eta saihesbide berria egiteko eta egungo bidea eraisteko bere eskumenekoak diren izapideak arintzeko, 2022ko aurrekontuaren aurka lizitatuz eraikuntza-proiektuaren idazketa”.