AKTUALITATEA


| 2022-06-30 12:37:00

EH Bilduren ekimenez, Bilboko Udalak adinekoen autonomia eta parte-hartze komunitarioa sustatuko ditu estimulazio kognitiboko tailerren bidez, ‘Bilbo Adinekoen Lagun” programaren barne. EH Bilduk eta gobernu taldeak adostutako zuzenketa bat onartu ondoren jarriko dira abian tailerrak, alderdi subiranistak aurkeztutako mozio baten ondorioz.

Bruno Zubizarreta EH Bilduko zinegotziak azaldu duenez, Bilboko biztanleen % 31k 60 urte baino gehiago ditu, eta % 9ak 80 baino gehiago. “Horrek erronka berriak dakarzkigu”, nabarmendu du.

Ildo horretan, adierazi duenez, gaur egun adinekoei zuzendutako jarduera fisikoko programa bat dago eta oso harrera ona du, baina “beharrezkoa” da programa hori  estimulazio kognitiboko tailerrekin osatzea, adinekoek memoria, arrazoiketa edo arreta treba dezaten.

"Bilboko adinekoei osasun kognitibo ona lortzen lagunduko dien gimnasia mentala egitea da helburua", adierazi du, izan ere, azaldu duenez, “adinekoei dagozkien memoria-arazo asko ez daude gaixotasunarekin lotuta, estimulazio eta entrenamendu faltarekin baizik”.

Horregatik, azaldu duenez, Euskal Herriko eta Estatuko beste udalerri batzuetan egiten diren tailer horiek modu praktikoan egingo lirateke, irakurketa eta idazketa, kalkulua, orientazioa, edota soinuen, musikaren edo irudien errekonozimendua sustatuko lituzketen jarduerak sustatuz.

Zubizarretaren esanetan, “egia da Aukeragune Zentroan edo zaintzaileari laguntzeko ‘Zaintzea’ programan dagoeneko horrelako jarduerak egiten ari direla, baina beharrezkoa da beste urrats bat ematea eta hiriko adineko guztiei zuzendutako estimulazio kognitiboko tailerrak antolatzea, modu prebentiboan osasun kognitiboa sustatu eta trebatzeko”.

Beraz, Zubizarreta pozik agertu da gobernu-taldearekin lortutako akordioagatik; izan ere, estimulazio kognitiboko tailer horiek "Bilbo, Adinekoen Lagun" programaren esparruan ezartzea aurreikusten du. “Zalantzarik gabe, akordio on bat da, pertsona nagusiek, gorputzaz gain, adimena ere lantzeko aukera emango duena”, nabarmendu du.