AKTUALITATEA


| 2024-06-05 13:24:00

Alderdiak adierazi duenez, "Juan Maria Aburto alkatearen adierazpenek ez dute gatazkaren konponbidean laguntzen" eta "erantzukizunak ez saihesteko" eskatu dio.

Bilbobuseko langileek greba mugagabea hasi zutenetik bi hilabete igaro direnean, Maria del Rio EH Bilduko bozeramaileak adierazi du "udal gobernuak aspalditik" gatazka ezagutzen zuela eta hala eta guztiz ere, nahiago izan duela "beste alde batera begiratzea".

Horren harira, Juan Maria Aburto alkateak grebaren inguruan egindako adierazpenek “grebaren pisu guztia langileengan jartzen dutela” adierazi du, “enpresa esleipendunaren eta udal gobernuaren erantzukizuna alde batera utzita”. Eta gogoratu du “Alsa enpresa esleipendunak kontratua ez betetzearen ondorioz abiatu dutela langileek greba mugagabea”.

Gainera, deitoratu du "alkatearen adierazpenek ez dutela gatazkaren konponbidean laguntzen" eta "konponbideak aurkitzeko garaia dela, eta ez erantzukizunak saihestekoa” nabarmendu du.

Del Riok ohartarazi duenez, “grebaren helburua ez da herritarren aurka egitea, baizik eta lan eskubideak errespetatzea” eta honako hau gehitu du: “Udalak hartu behar du gatazka hau konpontzeko ekimena, bereziki udal gobernuak kontratua bertan behera uztea erabaki duenean”.

Zentzu horretan, gogorarazi du "zerbitzua bermatzeko ardura udalarena berarena dela”. Era berean, bozeramaileak kritikatu egin du dagozkion arloen koordinazio eta planifikazio falta: “Udala bere funtzioei muzin egiten ari da".

Horrela, alkateak eskatutako bitartekotzaren aurrean, EH Bildu udal taldeak azpimarratu du "sindikatuek eta eragileek bitartekaritza hori eskatu diotela Udalari, Bilbobuseko azken arduradunari, baina udal gobernuak ez die inolako erantzunik eman. Udalak konponbidearen parte izan behar du, ezin ditu eskuak garbitu".

Azken finean, EH Bilduk "arazoari irtenbide osoa ematea" eskatu du, "etorkizunean zerbitzuaren zuzeneko kudeaketatik igaroko dena. Hiri honetako mugikortasun publiko eta jasangarriak ez lituzke enpresa pribatuen onura ekonomikoak gainditu behar" amaitu dute.