AKTUALITATEA


| 2023-03-28 12:30:00

EH Bilduren udal taldeak mozio bat erregistratu du gobernu taldeari eskatzeko Betolaza auzoa urbanizatzeko proiektua idazteko eta, bitartean, besteak beste, irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzeko; asko baitira auzo horrek gaur egun dituen beharrak, Jone Goirizelaia eta Asier Gonzalez EH Bilduko zinegotziek auzokideekin batera egin duten bisitan egiaztatu dutenez.

Proposamenaren bidez, alderdi subiranistak gobernu taldeari eskatu dio Betolaza auzoko Urbanizazio Proiektua idazten hasteko. EH Bilduko zinegotziek gogorarazi dutenez, 2019ko irailean aho batez onartutako HAPOa aldatzeko proposamenean, Udal Gobernuak konpromisoa hartu zuen dagokion urbanizazio-proiektua izapidetzeko, hiri-lurzoru finkatuaren kategorizazioa lortzeko beharrezkoak eta nahikoak diren obra guztiak barne hartuz.

Hala ere, azaldu dutenez, ia lau urte igaro dira, eta ez da Betolaza auzoaren Urbanizazio Proiektua hasi; horregatik, “premiazkotzat” jo dute martxan jartzea. Edozein kasutan, behin betiko plana idazten den bitartean eta planteatutako urbanizazio-konponbideei ekiten zaien bitartean, Goirizelaiak eta Gonzalezek adierazi dute “orain bertan auzotarren hainbat erreklamaziori irtenbidea eman ahal zaiela, haien eguneroko bizi kalitatea hobetzeko helburuarekin”.

Ildo horretan, eta kontuan hartuta gaur egun ezinezkoa dela auzoko gunerik altuenera heltzea ez garraio publikoan ez igogailuan, EH Bilduk mozioan eskatzen du auzoan barrena doan eta errepidearen amaieraraino iristen den minibus edo auzolinea bat zirkulazioan jartzea, Betolaza 34 bizitegi-blokearen pareraino. “Gaur egungo autobus-linea, Bilboko erdigunearekin konektatzeko beharrezkoa izanik, ez da nahikoa Rekaldeberri, Peñaskal, Uretamendi eta Betolazaren arteko mugikortasuna konpontzeko, medikuarengana joateko, erosketak egiteko, kultur etxera hurbiltzeko…”, adierazi dute.

Bestalde, ohartarazi dute auzoan hainbat etxebizitza daudela hormatuta, abandonatuta eta erdi botata eta horiek osasun eta segurtasun arazoak sortzen dituztela eta berrurbanizatzeko konponbideak zailtzen dituztela. Horregatik, EH Bilduk proposatu du Udalak lehenbailehen eskatzea orube eta/edo higiezin horien jabeei horien egoera konpon dezatela, eta, bestela, ofizioz eta subsidiarioki jardun dezala. “Bizilagunak hainbat aldiz egindako eskaera da”, gaineratu dute.

Azkenik, mozioan, gobernu-taldeari eskatzen diote Betolaza 47ko orubea berrurbanizatu eta egokitzeko, auzoak erabilera anitzeko espazio bat izateko, kalean kultura- eta jai-ekitaldiak egiteko toki aproposa izan dezaten, izan ere, orain arte, modu prekarioan egin behar izaten dituzte. “Auzokideekin adostuta, gune horretan edukiontziak berrantolatu, berdegunea birmoldatu, bizikletentzako aparkalekua jarri eta sarbideak hobetu daitezke”, azpimarratu dute EH Bilduko zinegotziek.

Esan dutenez, Betolazako bizilagunen bizi-kalitatea hobetuko luketen jarduerak dira mozioan jasotakoak, eta, “beraz, ulertezina litzateke horri buruzko akordiorik ez lortzea, gobernu-taldeak auzoetako arazoak konpontzeko dagoela dioena egia bada”.