AKTUALITATEA


| 2023-02-21 11:11:00

EH Bildu udal taldeak mozio bat aurkeztu du osteguneko Osoko Bilkuran eztabaidatzeko. Bertan, Areatzako parkean hainbat hobekuntza egitea eskatu du, hala nola, iturriak berreskuratzea eta martxan jartzea; argiteria publikoko argi-puntu guztiak LED sistemarekin ordezkatzea; kaian dauden farolen erabilera ordenatzea eta Areatzako tinglatuetan estalki sistema mekaniko bat ezartzea, bertan egiten diren jarduerak hobeto babesteko.

Asier Gonzalez EH Bilduko zinegotziak azaldu duenez, 1983ko uholdeez geroztik, hainbat hobekuntza egin ditu Udalak Areatzako pasealekuan; kioskoa berritu zen, haurrentzako bi parke jarri, baita komun publikoak eta gaikako bilketarako paperontziak ere. “Premia zehatzak konpontzeko egindako jarduketak dira, baina ez diote erantzun ibilbide-orri bati edo plangintza ordenatu bati”, azaldu du.

Horregatik, esan duenez, une honetan Areatzan konpondu beharreko hainbat gauza daude. Besteak beste, adierazi du Areatzako iturri ornamentalak ur gabe daudela 2019az geroztik; baldosak apurtuta, brontzezko figurak kenduta, sistema hidraulikoa hondatuta… “Iturri horiek balio handia dute, Zazpikaletako historiaren parte dira eta, beraz, beharrezkotzat jotzen dugu berreskuratzea”, adierazi du.

Bestalde, Areatzako argiteria publikoko 140 argi-puntuek antzinako luminaria dute oraindik. EH Bilduk LED argiekin ordezkatzea proposatu du, obra publiko berrietan eta Alde Zaharrean bezala. Ildo berean, Areatzako kaian “Mari Jaiaren alegoria diren farolen erabilera ordenatu beharko litzateke, izan ere, hainbat ekitaldi egiteko kentzen dituzte urtean zehar, eta horretarako 2018an ordezko fokoak instalatu zituzten, era oso prekarioan”.

Hobetu beharreko beste elementuetako bat, EH Bilduko zinegotziaren arabera, kartelak jartzeko San Nikolas aurrean dagoen ‘totem’ edo zutoina da, gaur egun zaharkituta baitago. Ildo horretan, helburu horrekin zutoin gehiago jartzea planteatu du, Areatzatik bilbotar asko iragaten da eta.

Azkenez, Asier Gonzalezek gogoratu duenez, Areatzako tingladoetan hainbat azoka egiten dira gaur egun, lehen Plaza Berriko estalpeetan egiten zirenak: 2. eskuko objektuen azoka, lore azoka, artisautza eta abar. Kontuan hartuta asteburu askotan euria edo haize handia egiten duela, erabiltzaileak ezbehar klimatologikoetatik babesteko toldo sistema mekaniko bat ezartzea proposatu du.