AKTUALITATEA


| 2024-09-13 21:59:00

Udako etenaldiaren eta iraileko iritsieraren ondoren, hilaren 11n egin zen ohiko osoko bilkurarekin emna dio hasiera kurtso politikoari Barrikako Udalak. 2023ko maiatzeko udal hauteskundeetan aukeratutako EH Bilduko lau zinegotziak bertaratu ziren, baita EAJko lauak (alkatetza du) eta Ibarrikakoa ere.

Gai-ordeneko lehen puntua uztailean egindako azken osoko bilkuraren akta onartzea izan zen. Bere garaian eman genuen honen berri.

Bigarren puntuan, zinegotzi kargua hartu zuen Ainoa Andonegi EAJko ordezkariak, uztailean dimisioa eman zuen Jose Antonio Zalbidearen ordez.

Hirugarren eta laugarren puntuak dekretuei eta fakturei buruzkoak izan ziren. Azken puntu horretan, atentzioa eman zigun, eta hala adierazi genuen joan den astean egindako Informazio Batzordean, 542 euroko faktura batek, Udalak garbiketa-enpresa bati ordaindutakoa udaletxe plaza ondoan dagoen mural bat ezabatzeagatik. Picassoren “Guernica” koadroko txoriaren irudi batek eta "Euskal Herria, Palestina libre" esaldiak osatzen zuten murala (ikus argazkia).

Aipatutako Informazio Batzordean, eta EH Bilduko ordezkariak murala ezabatzeko agindua Udalak eman ote zuen galdetuta, eta horrela bazenzer arautan oinarrituta, Itziar Unibaso alkateak erantzun zuen Udalak eman zuela agindua, pintadak ezabatzeko agindua beti ematen zutela argudiatuta, eta gaineratu zuen kanpoko enpresa bati agindu zitzaiola, brigadan ez zegoelako behar adina langile lan hori egiteko (aurtengo uztailean).

Fakturei buruzko puntuan, hondakinen gaiari heltzeko beharra planteatu genuen, gaur egungo kudeaketak aldaketa behar baitu. Adierazi nahi dugu Udalak uztailean 9.624, 78 euro ordaindu zituela Hiri Hondakin Solidoak (HHS, edukiontzi grisa edo hondar-frakzioa) kudeatzeagatik (ohikoa baino 2.000 euro gehiago, eta beste 4.000 euro edukiontzien mantentze-lanengatik (sarrailak konpontzea...). Itziar Unibaso alkateak aitortu zuen bereizketa datuak txarrak direla Barrikan, baina adierazi zuen inguruko gainerako udalerrien egoera antzekoa dela (organikoa jasotzen duten edukiontzi marroien bilketa 0 kilokoa izan da). Daturik txarrenak dituen udalerria gurea dela erantzun genion.

Gai-zerrendako bosgarren puntua Udaleko Lanpostuen Zerrendaren aldaketa izan zen. Bertan, udal aparejadorea egonkortzea onartu zen, eta EH Bilduko ordezkariak abstenitu egin ginen prozesu horrek sortu zizkigun zalantzengatik.

Seigarren puntuan, 2025erako udal langileen soldata % 2 igotzea onartu zen, EUDEL Euskadiko Udalen Elkartearen gomendioari jarraituz, EH Bilduren baiezko botoarekin.


EH Bilduk egindako galderak

Azkenik, galde-eskeen puntuan, interesgarriak iruditzen zaizkigun gai batzuei buruz galdetu dugu. Lehenengoa Goierriko auzoa berrurbanizatzeko obraren egoera izan zen, eta obra amaitzen ari zirela erantzun ziguten, abuztuan amaitzea aurreikusita zegoela adieraziz. Gaineratu zuten pintatzea falta dela, baina egondako eguraldiarekin ezin izan dela egin, eta seinaletika jartzea.

Gainera, Jubilatuen Etxeko tabernaren lizitazioaz ere galdetu genuen, eta horri erantzun zioten prozesua berehala jarriko dela martxan, eta datorren astea aipatu zuten oinarriak kontratatzailearen profilean argitaratzeko epetzat. Gure aldetik, EH Bilduk egindako ekarpenei erantzutea espero genuela esan genuen.

Goierri eta Zabaletxe arteko espaloi-proiektuari dagokionez, proiektu teknikoa badutela, udaleko teknikariekin aztertzen ari zirela eta dena berrikusita dagoenean informazio-batzorde bat egingo dutela adierazi zuten. Gai horri dagokionez, adierazi behar dugu obra horri buruzko informazioa eskatu dugula hainbat batzordetan, baina ez dugula jaso. Beraz, proiektu tekniko ekonomikoaren kopia eskatu dugu berriro erregistroaren bidez, uztaileko erregistroan honako sarrera hau ikusi genuelako: 11/07/2024 OFERTA TÉCNICO ECONÓMICA PARA LA REDACCIÓN DEL PROYECTO DE EJECUCIÓN DE ACERA COMPARTIDAPEATONAL Y CICLABLE ZABALETXE-GOIERRI.

Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren egoerari buruz ere galdetu genuen, eta erantzun zuten Aldundian zegoela, eta foru-erakundeak adierazi ziela zenbait puntutan berrikusi behar zela.

Etxebizitza Turistikoei (ET) dagokienez, horiei buruz dugun kezka adierazi genuen, batez ere ekitaldiak (ezkontzak, etab.) egitera bideratutakoak; izan ere, bizilagunei eragozpenak sortzen dizkiete, musika bolumen oso altuan jarrita, eta hondakin asko sortzen dituzte, ETko erabiltzaile batzuek ez baitute hauek bereizteko lanik hartzen. Establezimendu horien udal-kontrol handiagoa eskatu genuen. Udal-gobernutik adierazi zutenez, horrelako ostatu turistikoetarako baimenak ez zituen Udalak ematen, Eusko Jaurlaritzak baizik, eta EAJko zinegotzi batek gaineratu zuen beragatik balitz Barrikan ez zela ETrik egongo.

Edestiaurre arkeologia-elkartearen ekimenaz ere galdetu genuen. Izan ere, EHUrekin lankidetzan, Barrikari eta inguruko beste udal batzuei proiektu bat proposatu zien indusketa handitzeko eta arkeologia-ikasleek praktikak, ikasleen bisitak eta abar egin ahal izateko. Horretarako, 6.000 euroko ekarpen ekonomikoa eskatu zion Udalari. Osoko bilkuran gai horri buruzko galderak egin genituen berriro, eta udal gobernuak adierazi zuen elkarteari proiektu bat aurkezteko eskatu diotela. Ibarrikako ordezkariak adierazi zuen diru asko zela. Horri dagokionez, gogoratu behar da Udalak 11.000 euro gastatu zituela Pirata Trailen eta 15.000 Itsas Merkatuan.


Publikoaren interbentzioak

Osoko bilkuraren amaieran, bilera publiko gisa jarraitu zuten pertsonen hitzaldiak izan ziren. Horietako batek adierazi zuen Artepetako haur-parkea konpondu dela, eta galdetu zuen ea noiz egingo zen gauza bera Garramunekoarekin.

Beste auzokide batek hondakinak biltzeko sistemaren funtzionamendu txarra salatu zuen, eta herritarrak hobeto informatzea eskatu zuen.

Azkenik, interbentzio bat egon zen Berangon kalean bizi ziren migratzaileei buruzkoa (horietako batzuei bizilekua bematu zaie, baina ez guztiei), haien egoera larria konpontzeko neurriak eskatuz.