Barrikako Udal Gobernuak azken egunotan kontsultategiko ordutegiaren luzapena jakinarazi du, herritarron osasun zerbitzua hobetu dela iradokiz. Barrikako EH BILDUren iritziz, ordea, errealitatea bestelakoa da, eta egoera larriagotzen ari da.
Berri horrek itxaropena piztu dezake, baina garrantzitsua da herritarrok jakitea neurri horrek ez duela, gaur-gaurkoz, osasun arreta egonkortuko eta ez dela hobetuko; eta, gainera, arriskuak sortzen dituela bai osasun profesionalentzat, bai herritarrontzat.
Hona hemen gertatzen ari dena:
• Ez da medikuarekin adostu, eta haren lan-baldintzak okertu egiten dira. Orain, babesik gabe egon behar du, erizaina eta administraria heldu arte. Larrialdi baten aurrean, bakarrik geratzen da, inolako laguntzarik gabe.
• Ordu gehigarri hori Plentziako kontsultatik kendu da, eta horrek han haserrea piztu du, herritarrek itxaron zerrenda luzeagoak dituztelako. Horri gehitu behar zaio Barrikan adineko populazio handia daukagula, eta horrez gain bi adinekoen egoitza daudela, horrek dakarren lan karga gehigarriarekin.
• Egoera honek guztiak eragin du Barrikan orain arte izan dugun mediku profesionala eta euskalduna beste herri batera joatea, baldintza hobeak eskaintzen dizkiotelako bertan. Eta gainera, ez dakigu nor etorriko den, zenbat denborarako eta euskalduna izango ote den.
Bestalde, uda hurbiltzen ari da, eta oporraldi garaian profesionalen ordezkapenak ez bermatzeak are gehiago larriagotuko du egoera. Jakina da uda partean biztanle kopurua handitu egiten dela Plentzian, bereziki, eta osasun zerbitzuak prest egon behar du egoera horri aurre egiteko.
Horregatik, ordutegi aldaketa partzial bat ez da konponbidea. Irtenbide zuzena eta justua honakoa litzateke:
• Barrikari bere osasun kupo osoa aitortzea, 1.500 biztanletik gorako herria den aldetik. Gainera, hazten jarraituko du HAPO berrian aurreikusitako etxebizitza berriekin.
• Osasun zentroko plantilla osorik izatea: medikua, erizaina, administraria eta dagozkigun gainontzeko osasun teknikariak.
• Ordutegi osoz lan egitea, Plentziarekin partekatu gabe, benetako zerbitzu egonkorra eta kalitatezkoa bermatzeko.
Herritarrok arreta duina merezi dugu, eta gure osasun sistema zaintzea guztion ardura da. Elkarrekin, kalitatezko eta egonkorrak diren zerbitzuak eskatzeko unea da.