AKTUALITATEA


| 2024-11-19 21:01:00

Joan den azaroaren 13an ohiko osoko bilkura egin zen Barrikako Udalean. Bertan, EH Bilduk aurkeztutako mozio bat eztabaidatu zen, gardentasunari buruzko bi proposamen jasotzen zituena. Lehenengoa, osoko bilkuren aktak Udalaren webgunean eskuragai izatea. Izan ere, mozioa erregistratu zen egunean, urriaren 6an, barrika.eus udal webgunean eskuragarri zegoen azken akta 2022ko maiatzaren 11n egindako osoko bilkurari zegokiona zen. Bigarren proposamena, kontratu txikiak gutxienez hiru hilean behin kontratatzailearen profilean argitaratzea. Legezko baldintza hori ez zuen betetzen Udalak.

Mozioa aho batez onartu zen, eta EH Bildutik positiboki baloratzen dugu hau, uste baitugu urrats txiki bat dela udal informaziorako sarbidea bezalako oinarrizko eskubide bat hobetzeko. Gaur egun, eskuragarri daude webgunean 2023an egindako osoko bilkuren aktak (ikus irudia), eta espero dugu epe laburrean 2024ko osoko bilkurei dagozkienak egotea.

EH Bilduk bere konpromisoa berretsi nahi du, Udalak herritarren informazioa, gardentasuna eta herritarren parte-hartzea hobetzeko urratsak egiten jarrai dezan.