EH Bilduk proposamenaren aurka bozkatu zuen, eta egungo eredua aldatzeko eztabaida eta hausnarketa prozesua abiatzea eskatu zuen.
Joan den urtarrilaren 15ean ohiko osoko bilkura egin zen Barrikako Udalean, eta, besteak beste, hondakinen udal-tasa % 100 igotzea onartu zen.
EAJko alkateak esan zuen tasen igoera beharrezkoa dela 112.000 euroko egungo defizita arintzeko, tasa 2012tik izoztuta egon dela argudiatuz.
Bestalde, EH Bilduko ordezkariek adierazi zuten ulergarria iruditzen zitzaiela igoera, baina ezezko botoa justifikatu zuten, arrazoi hauek aipatuta:
Barrikan 2 egoitza eta 6 jatetxe daude, etxebizitza partikularrekin alderatuta gutxi ordaintzen dutenak; beraz, ez dute uste bidezkoa denik tasa guztiak berdin igotzea.
Aldaketak behar ditugu egungo ereduan, eta sistema eraginkorrago baten alde egin behar dugu. Adierazi zuten emaitzak ez direla onak, eta urteak daramatzatela defizita salatzen.
Gobernu-taldearen jarrera gaitzetsi zuten, ez duelako oposizioak parte hartzeko biderik irekitzen, eta gai hori jorratzeko foro berriak irekitzearen aldeko apustua egin zuten, gaur egun daudenez gain (osoko bilkurak eta batzordeak), horiek baitira legez derrigorrezkoak.
Ibarrikako ordezkariak igoeraren alde bozkatu zuen eta positibotzat jo zuen EH Bilduk egindako proposamena, hots, gai hau aztertzeko eztabaidar eta parte hartzerako gune berriak irekitzea, galde-eskeei buruzko puntuan egin zuen hitzartzean.
Galde-eskeak
Puntu horretan, EH Bilduko ordezkariak galdetu zuen ea noiz emango zen 2025eko aurrekontuei buruzko dokumentazioa (gogoratu behar da Barrikako Udala aurrekontuak onartu gabe hasi duela urtea), eta alkateak erantzun zion hurrengo egunean egingo zuela.
EH Bilduk aurrekontuen bideragarritasun txostenean zalantzagarriak diren zenbait alderdi argitzea ere eskatu zuen.