Uztailaren 10ean osoko udalbatzarra egin zen Barrikako udaletxean. Hasi aurretik, eguneko gai-ordenari puntu bat gehitzea proposatu zuen alkateak (9.a), Jose Antonio Zalbidea EAJko zinegotziaren dimisioaren ingurukoa, arrazoi pertsonalak tarteko. Aho batez onartu zen puntua gai-ordenean txertatzea.
Maiatzaren 15ean egindako azken bileraren aktaren onarpena izan zen lehen puntua, aho batez onartu zena. Udalaren dekretuak eta fakturak izan ziren bigarren eta hirugarren puntuak.
2023ko Udalaren kontuen likidazioa izan zen laugarren puntua eta honekin lotuta EH Bilduko ordezkariek adierazi zuten guztiak zirela zenbateko baxua zuten obra eta zerbitzuak, ia beti hornitzaile berdinei ematen zitzaizkienak. EAJren esku dagoen gobernuak herri proiekturik ez daukala gaineratu zuten EH Bilduko ordezkariek, ez dagoelako kopuru handiko gasturik.
Palestina eta Osakidetzako mozioen inguruan (EH Bilduk eta EAJk gai bi hauen inguruko mozio bana aurkeztu zituzten), hauen inguruan eztabaidatzea eskatu zuten EH Bilduko ordezkariek. EAJk Osakidetzaren inguruan sartutako mozioaren inguruan, honen testuan agertzen ez zen aurkezpen bat irakurri zuen alkateak. EH Bilduk Osakidetzaren inguruan sartutako mozioa onartu egin zuen udalbatzarrak. Anbulategiak udan ixtearen aurka agertzen zen mozio hau eta osasun zerbitzua hobetu egin behar zela jasotzen zuen, besteak beste. EAJrena ere onartu egin zen, baina alkateak kalitatezko botoa erabili behar izan zuen, EAJko zinegotzi baten faltak sortu zuen berdinketa apurtzeko.
Palestinaren inguruko mozioei dagokienez, EH Bildurena onartu egin zen aldeko 5 botorekin. Gainera, EH Bilduko ordezkariek adierazi zuten EAJren mozioan genozidio hitza aipatzen ez zela eta Israelgo Gobernuak emandako datuak ontzat ematen zituela salatu zuten EH Bilduko ordezkariek. Gai honen inguruan EAJk aurkeztutako mozioa ez zen onartu, EH Bilduren argudioak entzun ondoren, alkateak ez baitzuen bere kalitatezko botoa erabili sortu zen berdinketa apurtzeko. Izan ere, EAJren hiru ordezkariek alde bozkatu zuten, Ibarrikako ordezkariarekin batera, eta EH Bilduko laurek kontra.
Galderen inguruko puntuan, EH Bilduko ordezkariek nabarmendu zuten Jubilatuen Tabernaren esleipenaren inguruan kezkaz ikusten ari zirela honen inguruko kontu batzuk. Gaiaren inguruan hitz egin beharra onartu zuten EAJko ordezkariek.
Gainera, maiatzaren 31tik ekainaren 2ra arte egin zen Merkatu Marinelaren inguruko balorazioa eskatu zuten EH Bildutik.
Azkenik, EH Bilduko ordezkariek Goierriko saneamenduari buruz eskatutako aurrekontu bati buruz galdetu zuten, eta baita bidegorri alternatiboen azterketa bati buruz ere, eta azken honen kopia eskatu zuten.
Zertarako aurkezten dira mozioak eta mozio alternatiboak demokrazian?
Demokrazian erabakiak gehiengoz hartzen dira, baina hori baino gehiago bada. Gai baten inguruan jarrera politiko ezberdinak plazaratzeko espazioa da, arrazoien gaineko eztabaida eman dadin, eta ahal dela, adostasun zabaletara heltzeko. Hori da kalitatezko kultura demokratikoa lantzeko bidea.
Udalean gai bati buruz publikoki eztabaidatzeko aurkezten dira mozioak eta mozio alternatiboak, bakoitzaren arrazoiak ezagutzeko, eta ikuspegi desberdinak trukatzeko, adostasunak hasierako jarreratik mugitzea eskatzen duen arren.
Eztabaida hori posible egiteko denek sortu behar dituzte baldintzak. Udala da lehen arduraduna horretan. Horregatik, mozio bat sartzen denean zinegotzi guztiei bidali behar zaie lehenbailehen, denbora izan dezaten aztertzeko eta behar den negoziazioa bideratzeko. Talde politikoek beren aldetik, eztabaidarako jarrera erakutsi behar dute eta adostasunak lortzeko prestasuna ere. Eta herritarrok eskubidea dugu osoko bilkuran arrazoien inguruko eztabaida publiko hori entzuteko eta gure iritzia eraiki eta plazaratzeko.
Horiek horrela, azkeneko osoko bilkuran bi jarrera kezkagarri ikusi genituen EAJ eta Ibarrikaren aldetik. EAJk azken egunean aurkeztu zituen bere mozio alternatiboak, aukera gutxi eskainita eztabaida eta negoziaziorako. Ibarrikak bi kasutan aldeko bozka eman zien bata zein besteari, nahiz eta haien artean kontraesankorrak izan. Non dago eztabaida?
Onartutako mozioak jakinarazten dira beste erakunde publikoei (izan Jaurlaritza Osakidetzaren kasuan, izan Espainiako Ministerioa edo Palestinako eta Israeleko estatuak bigarren mozioan). Bada, zer nolako sinesgarritasuna emango diote kontrajarriak badira? Zer nolako seriotasun eta heldutasuna erakusten da Barrikaren partetik?
Osoko bilkuran aipatu zen zer nolako garrantzia duen elkarrizketa eta negoziazioa. Bada, hitzetatik ekintzetara pasa gaitezen.