Positiboki baloratzen dugu Larrialdi Klimatikoa ezartzeak gurea bezalako udalerriei exijitzen dizkien neurriak. EH Bilduk aspalditik eskatzen zuen Hiri Mugikortasun Jasangarriko Plan bat lehenbailehen aktibatu behar zela, kutsadura murriztera ez ezik, herritarrentzako Barakaldo irisgarriago eta atseginago bat sortzera ere bideratua. Espero dezagun albiste honek, goi-instituzioek behartu gabe, dagoeneko martxan egon beharko zukeen HMJPri behin betiko bultzada ematea. EH Bildu prest dago plan horretan ekarpenak egiteko, eta, gainera, ezinbestekotzat jotzen dugu herritarren parte-hartzea plana idazteko.
Plan horrek garraio publikoaren aldeko benetako apustua jaso beharko luke, eta Barakaldok esparru horretan dituen benetako beharrak kontuan hartu beharko lituzke gure ustez. Besteak beste, KBUSeko lineen berrantolatzea herritarren parte-hartzearekin, txartel bakarraren ezarpena eta hiriarteko bidegorrien bultzada aipatuko genituzke.
Azkenik, larrialdi klimatikoaren larritasunak ibilgailu pribatuaren erabilera mugatzera behartzen duenean, kezkaz ikusten dugu EAJk eta PSEk tematuta jarraitzea bide-azpiegitura suntsitzaile handien aldeko apustua egiten. Bere garaian Supersur izan zen, eta orain HSTren proiektua da. Ekonomikoki, sozialki eta ingurumenaren aldetik jasangarria den eredu baten alde egin behar dela uste dugu.