AKTUALITATEA


| 2022-09-14 14:39:00

Eskatu eta astebetera baino gehiagora, Serraltako zuhaitzen mozketa saihesteko irtenbide bat adosten saiatzeko eskatu genuen bozeramaileen batzordea burutu zen atzo. Amaia del Campok batzorde horretara deitu zuen, empresa eraikitzaileak zuhaitzak moztu zituen egunetik sei egun pasa direnean.

Pasa den irailaren 5ean, Serralta zumarkaleko zuhaitzak mozteko mehatxua zela eta, Bozeramaileen Batzorde batera premiaz deitzeko eskatu genion Amaia del Campori Elkarrekin Barakaldorekin batera, erakunde-adierazpena adosteko asmoz, eta zuhaitz horien mozketa ekidin ahal izateko. Astebete baino gehiago geroago, atzo gauzatu teorian urgentziazkoa zen batzorde hori. Berandu eta eskatutako arazoa konpontzeko inolako aukerarik gabe, zuhaitzak dagoeneko moztuta daudenean, gobernu taldearen isiltasunpean.

EH Bilduk dagoeneko salatu du EAJk eta PSEk proiektu honen kudeaketan izan duten ikuskizun tamalgarria. Bi alderdietako batek ere ez du ezer egin ehun urteko zuhaitz hauek interes pribatuen aurrean defendatzeko. Lutxanako bizilagunek salatu duten bezala, enpresa eraikitzaileen interes pribatuen aurrean makurtu dira EAJ eta PSE, eta inolako transparentziarik gabe, beren arduragabekeria eta ezgaitasun politikoa ezkutatzen saiatu dira. Jeltzaleek eta sozialistek streptease alderdikoi lotsagabea egin dute, ankerkeria horren erantzukizuna elkarri egozten saiatuz. Bitartean, Amaia del Campo udal arduradun nagusiak isilik jarraitzen du.

Amaia del Camporen gobernuaren udal-kudeaketaren adibide berri bat da honako hau: kudeaketa ez partekatua, bizilagunei bizkarra emanez, eta oposizioko indar politikoekiko inolako errespeturik gabekoa.