AKTUALITATEA


| 2026-06-17 17:07:00
  • Bozeramaile ezkertiar eta subiranistak aurkeztu du alderdiak aurrekontu proiektuari egin dion osoko zuzenketa.
  • ”Aurrekontua ez da soilik kontabilitate-dokumentu bat, Barakaldoko herritarren ordezkari garenon arteko benetako negoziazio politikoaren emaitza baizik. Eta prozesu hori, beste behin ere, ez da existitu ”.

 

 

MARIA SOLARREN HITZALDI OSOA

“Gobernu taldeak gaur onartuko duen aurrekontuari gure osoko zuzenketa aurkeztuko diogu, hemendik aurrera Barakaldoko herritarrentzako oinarri ekonomikoa izango dena, ez dakigu oso ondo noiz arte.

Badakigu zuzenketa hau atzera botako dela, baina emaitza horrek ez du esan nahi defendatzeari uko egiten diogunik. Alderantziz: gaur, hain zuzen ere, bozketaren unean, beharrezkoa da jasota uztea zergatik zuzenketa hau ez den jaio modu puntual edo inprobisatuan; kontrara, EH Bilduk urteetan salatzen eta defendatzen egon garen egoeraren ondorio gisa sortu da.

Gaur ez gatoz soilik zenbakiak, partidak edo ehunekoak eztabaidatzera. Aldez aurretik ezer garrantzitsurik egon ez dela salatzera gatoz: prozesu bat. Aurrekontu bat ez da soilik kontabilitate dokumentu bat, Barakaldoko herritarren ordezkari garenon arteko benetako negoziazio politiko baten emaitza da. Eta prozesu hori, beste behin ere, ez da existitu.

Horregatik defendatzen dugu osoko zuzenketa hau: ez aurrekontuen eztabaida atzera bota nahi dugulako, baizik eta eztabaida hori bera inoiz existitu ez delako. Udal gobernuak uko egin dio aurrekontua herritarren benetako beharrei erantzuteko tresna politiko gisa erabiltzeari, eta aldez aurretiko negoziaziorik egon ez denez, aurrekontu honek bere izaera politikoa galtzen du, hiriaren ikuspegi partziala bakarrik eskainiz, eta betikoa mantentzeko pentsatua.

Errealitatea argia da: gaur egun 2024ko kontuekin funtzionatzen jarraitzen dugu, nahiz eta gobernu taldeak ziurtatu aurten ez zela egoera hori errepikatuko.

Horrek lotura zuzena du legealdi osoan salatzen ari garenarekin. 2023ko abuztuan, EAJk eta PSEk itun bat aurkeztu zuten Barakaldori "egonkortasuna emateko". Kudeaketaren etengabeko inprobisazioak eta hiriaren etorkizuna hipotekatuko duen zorpetzeak markatutako legealdia izan da emaitza, baina.

Legealdi honetan, sei hilabetez bakarrik izan ditugu kontu publikoak onartuta eta eguneratuta. Gainerakoan, kudeaketa ekonomikoa kaotikoa izan da, eta udal-aurrezkiak baliatzera eta banku-erakunde pribatu bati kreditu bat eskatzera mugatu da Udala. Erakunde horren interesak herritarrek ordaindu beharko dituzte datozen hamahiru urteetan.

Gobernu taldeak ez bezala, EH Bilduk etxeko lanak egin ditu. Proposamenak aurkeztu ditugu, lan-egutegiak publikoki gogoratuz, parte-hartzea eta jarraipena bultzatuz. Baina EAJk eta PSEk entzungor egin dute. Uko egin diozue aurrekontuaren onarpena tresna politiko bezala erabiltzeari gauzak aldatzeko, Barakaldoren benetako beharrei erantzuteko.

Aurrekontu hau argi eta garbi kontinuista da, aurreko urteetakoen oso antzekoa, gaur egun herritarrentzat lehentasunezkoak diren beharrei erantzutea ahalbidetuko duten partida eta apustu berririk gabe.

Adibiderik onena etxebizitza da. Alderdi guztiok bat gatoz bizitoki-larrialdia dela gaur egun herritarrek duten arazo nagusietako bat, eta erakundeek esku hartu behar dutela. Hala ere, aurrekontu honek ez du berriz ere diru partida espezifiko eta finkagarririk jasotzen urtez urte etxebizitza publikoa edo etxebizitza hutsa erosteko, EH Bilduk aspaldidanik planteatzen duen bezala. Hiriaren arazo nagusietako bati heltzeko plangintzarik eta borondate politikorik ezaren frogarik argiena da.

Eta ez da aurrekontu honek jasotzen ez duen premia bakarra:

- Berdintasun-zerbitzuen saturazioa, behar diren indarkeria matxistan espezializatutako teknikariak sartu gabe.

- Saltoki txikiei laguntzarik ez ematea, hurbileko segurtasun-planik eta neurri zehatzik gabe.

- Kirol-, eskola- eta auzo-azpiegiturak narriadura.

- Programa sozialen defizita, hala nola osasun mentalerako psikobonoak edo auzoetako bizikidetza programak.

- Kultura-mugimenduarentzako diru-laguntzak, beharrezko igoera ez dutenak eta egungo beharretara egokitzen ez direnak.

- Osasun eta ongizate emozionaleko ekintza zehatzak, plangintzarik eta aurrekontu-zuzkidurarik gabe jarraitzen dutenak.

- Kulturartekotasun Planari finantzaketa espezifikorik gabe eustea.

Bestalde, urteak dira ohartarazi genuela gobernu taldeak genero txostenik gabe aurkezten zituela aurrekontuak, legeak eskatzen duen bezala. Oraingoan entregatu egin du, baina aurrekontu-zirriborroa helarazi ondoren, eta horrek erakusten du ez dutela ulertu genero-ikuspegiaren benetako helburua aurrekontuan. Ez da aurrekontua aldatu txosten horren ondorioetan oinarrituta, eta, beraz, formalismo hutsa izan da aurkezpena: aurrekontuak ez du genero-zeharkakotasuna integratzen, eta ez du bermatzen erabaki ekonomikoek berdintasun-irizpideei erantzutea.

Horri gehitu behar zaio errealista ez den plangintza bat: funtsezko partidetan zenbatetsitako kopuruak kreditu-aldaketen bidez igo ohi baitira gero, premien benetako tamaina ezkutatuz. Eta aukeratutako finantza ereduak, epe luzerako zorpetzean oinarritutakoak, ez du udal likidezia aprobetxatzen eta udalerriaren etorkizuna baldintzatzen du, ekidin zitekeenean.

Horregatik guztiagatik, berandu datorren aurrekontu bat, prozesu politikorik gabe, benetako beharrak alde batera uzten dituena, errealista ez den plangintza duena, genero-ikuspegi aplikaturik ez duena eta saihestu daitekeen zorpetzea duena, ezin da bere horretan onartu.

Badakigu gaur zuzenketa hau atzera botako dela. Baina horren aurka bozkatzeak ez ditu arazo hauek desagerraraziko, eta argi geratuko da: udal gobernuak bere gain hartu beharko du Barakaldoko herritarren aurrean legealdi hau bere benetako beharrei erantzun gabe itxi izanaren erantzukizuna. EH Bilduk eskua luzatzen jarraituko du Barakaldoko beharrei erantzungo dion alternatiba bat eraikitzeko, gaur eta legegintzaldi honetan ”.