AKTUALITATEA


| 2022-09-07 14:41:00

Iragarrita zegoen bezala, gaur goizean: Serralta zumar kaleko ehun urtetik gorako 40 zuhaitz baino gehiago moztu dituzte. Honen atzean enpresa eraikitzaile eta sustatzaileen helburua dago: lursail horietan 600 etxebizitza baino gehiago eraikitzea. Basakeri honen aurrean Udal Gobernua eta Amaia del Camporen jarrera eta jokabideak zentzugabeak izan dira. Honen ondorioa: historioz eta kulturaz beteriko zuhaitzak moztu direla.

Beste behin ere, jeltzaleek eta sozialistek bat egin dute enpresa pribatuen interes ekonomikoekin eta Lutxanako auzokideen interesak defendatzeari uko egin diote, beraien erantzukizuna alde batean utziz. Azken hamabost urteetan EAJ eta PSEk gobernu ardurak izan dituzte Barakaldon. Proiektu urbanistiko hau baldintzatzeko gaitasuna izan dute, ehun urtetik gorako zuhaitz hauek babestuz... Baina ez dute egin eta ez dute egingo, auzokideen eskaerei muzin eginez. Hau horrela; jeltzaleak eta sozialistak gaurko basakeriaren erantzuleak dira. Hamabost urte hauetan bi alderdi hauek ez dituzten Lutxanako auzokideen interesak babestu proiektu honen aurrean. Ez dituzte zuhaitz hauek defendatu gaiak eskatzen zuen irmotasun, seriotasun eta erantzukizunez. Gutxi batzuen interes ekonomikoetara makurtu dira, botoa eman dieten herritarren interesei bizkarra eman dieten bitartean.

Penagarria da, 100.000 biztanleko hiri batean honelako gauzak gertatzea. Ulertezina da; hiri-zuhaitzak babesteko ordenantza bat aho batez onartu eta aste batzuetara honelakoak gertatzea. Zentzugabea da etorkizunari begira parke bat eraikitzeaz hitz egitea zuhaitz bereziak mozten diren bitarteak eta esperpentikoa da udal gobernuko bi alderdiek izan duten jokabidea eta elkarren arteko gatazkak. Interes gehiago izan dute beraien irudia garbitu eta kalkulu elektoraletan, zuhaitzak defendatzean baino. Azken hamabost urteetan jarrera arduragabe bat izan ondoren, erantzukizuna saihestu nahi izan dute gertatutakoaren erantzukizuna elkarri leporatuz.

Eta bitartean, Amaia del Campo isilik dago. Barakaldon dagoen gobernu eza agerian geratu da. Bada garaia udal gobernuko bi alderdiek azalpenak eman diezazkieten Lutxanako bizilagunei. Hiriko zuhaitzak babesteko ordenantzaren sinadurarekin hartutako konpromiso politikoak ez direla paper bustiak erakusteko aukera daukate.