AKTUALITATEA


| 2019-10-04 15:46:00

Azken astean milaka langile kalera atera dira beraien lanpostuak defendatzeko, lan hitzarmen duina defendatzeko metalgintzan. Sektore honetan lan egiten duten 50 mila pertsona baino gehiagok, haien lan eskubideak errespetatuak izan daitezela eskatzen dute, eta batzuk, barakaldarrak dira.

Eta egoera honen aurrean, EAJ eta PSE Barakaldon bizkarra eman diote berriro hiritarrei. Barakaldar gehiengo sozialaren interesak defendatzeko gaitasun eza agerian utzi dute beste behin ere.

Lehenik eta behin, udalbatzan ordezkari sindikaleei hitza kenduz. Ezin izan zituzten haien aldarrikapenak defendatu EAJk eta PSEk testu alternatiboa inposatu zutelako, orokortasunez beteta eta hasierako testua urardotzen zuena. Barakaldon inoiz ezagutu den gobernu estrukuturarik garestiena izendatzetik minutu gutxira, ahotsa kendu zioten Bizkaiko sektorerik zabalena ordezkatzera etorritako hiritarrari. Hau al da gobernu irekia eta hiritar parte hartzearen adibidea?

Lehendakariak hautua egin du gatazka honetan, erakunde guztietan gatazka honen aurrean bere alderdiaren jarrera zein izango zen argi utziz. Urkullu saiatu da sindikatu guztien irudia zikintzen (gogoratu behar dugu mobilizazio honek sindikatu guztien babesa jaso duela). Hitza ukatu zaie langileei, zirkulazioan arazoak aitzakitzat hartuta saiatu dira jendea manipulatzen (beraiek bultzatutako ekintzak sortzen dituztenean aipatzen ez diren arazo horiek), greban dauden milaka eta milaka familiak ahazten dituzten bitartean.

Eta hori da Barakaldoko errealitatea. Urkulluk posizioa markatzen du, EAJk Barakaldon protestak ixiltzeko eta desaktibatzeko mugimenduak burutzen ditu eta PSE ixilik geratzen da, bere langile sustraiak ahaztuz. Non daude PSEko buruzagiak egoera honen aurrean? Greban dauden langileentzat duten babesa da zirkulazioan arazoak saihesteko dispositibo berezi bat antolatzea?

Guk ez dugu inolako zalantzarik. Langileen ondoan jarraituko dugu, beraien aldarrikapenak babesten, justuak direlakoan baikaude, eta horiek baitira gizarte justuago batera gidatzen gaituztenak.