AKTUALITATEA


| 2019-12-20 13:02:00

Eh Bilduk mozio bat erregistratu du, eta, bertan, gobernu-taldeari eskatzen dio lehenbailehen eratu dadila ekintza-mahai bat lindanoak eragindako kutsaduraren arazoa aztertzeko, teknikari, politikari, eta elkarte-sareko eta mugimendu ekologistako ordezkarien parte hartzearekin. María Solar, EH Bilduko bozeramaile barakaldarrak agerraldia egin du gaur, datorren osteguneko ohiko osoko bilkurarako ekimenak iragartzeko, eta azaldu duenez, mozio horren bigarren puntuan, lindanoz kutsatutako lurzoruen arazoa arian-arian ikertzeko eta konpontzeko konpromiso irmoa hartzeko ere eskatzen diote udalari.

Lindano bidezko kutsadura premiazko arazoa dela adierazi du Solarrek, oso larria eta ez dela berez konponduko. Horregatik, "Udal gobernuak osasun publikoaren gai larri honetan erakusten duen utzikeriagatik" kezkatuta aurkeztu du EH BIlduk ekimen hau. Zinegotzi subiranistak gogorarazi duenez, martxoan aho batez onartu zen legez besteko proposamen bat Eusko Legebiltzarrean, eta, besteak beste, arazo horrek eragindako udalerrietan tokiko ekintza-mahaiak martxan jartzea eskatzen zuen. "Bi hilabete geroago, Barakaldon mahai horren sorrera eskatu zenean, udal gobernuaren erantzuna mahai horiei bultzada ematea Eusko Jaurlaritzaren eskumena dela izan zen, ardura eta borondate politiko falta nabarmena erakutsiz".

Bestalde, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eta Pentsiodunen Mugimenduak urtarrilaren 30erako deitutako greba orokorra dinamizatzeko Barakaldoko Asanbladak, lan-pentsioen eta bizitza duinen aldeko aldarrikapenak osoko bilkurara eraman ahal izatea erraztu du EH Bilduk. Besteak beste, 1080 euroko gutxieneko pentsioa, 1200 euroko gutxieneko soldata eta pentsioen eta lan-erreformaren murrizketak bertan behera uztea eskatzen du Asanblada honek bultzatutako mozio horrek.

Azkenik, Solarrek azaldu du bere alderdiak osoko bilkurari hainbat galdera egitera behartua izan dela, Barakaldon sexu-esplotazioko sare batetik bederatzi emakume askatu zituen polizia-operazioaren inguruan. Izan ere, "gaur arte ez dugu horri buruzko informazio gehiago prentsan agertutakoa baino". EH Bilduk jakin nahi du ea Emakume Sailaren udal-baliabideak eskaini zaizkien liberatutako pertsonei, ea udalak etxebizitza horiei buruzko informaziorik ote zuen, eta, batez ere, udalak etorkizunean zer ekintza egingo dituen gai horretan.