Belit Solar atleta ohi eta Barakaldoko udalerako hautagaiak EH Bilduren kirol arloko proposamenak azaldu ditu gaur goizean egindako agerraldi batean. Kirol-elkarte, kirol-klub, guraso-elkarte eta ikastetxe guztiak bilduko dituen kirol-plan bat da indar subiranistaren apustu nagusia kirol arloan, era horretan Kirolaren Udal Kontseilua sortzeko. Kontseilu honek eragile guzti hauen parte hartzea eta erabakiak hartzeko aukera bermatuko luke Udalaren kirol-plangintzan. Gainera, Solarrek azaldu du kirol-teknikari koordinatzaile baten figura sortu nahi dutela, kirol-elkarteei laguntzeko eta aholkuak emateko, adibidez, dirulaguntzak eskatzeko orduan. Izan ere, hautagaiaren iritziz, elkarte horien benetako beharretara egokitzeko irizpideak eguneratu eta berrikusi behar dira diru laguntzak ezartzean.
Kirol azpiegiturei dagokienez, Belit Solarrek ziurtatu du EH Bilduk Llano, Gurutzeta eta El Regato pilotalekuak eta Arrontegiko kantxa estaliko dituela pixkanaka. Eta auzo horretan bertan, EH Bilduk azpimarratu du beharrezkoa dela Etxatxu kalean, igerileku olinpikoa egiteko zen eta duela urte askotik abandonatuta dagoen udal azpiegitura berreskuratzea. Solarrek adierazi duenez, bere alderditik diziplina anitzeko espazio baten aldeko apustua egiten dute, baina auzoak berak erabaki beharko lukeela zer motatako kirol-jarduerak egin bertan.
Azkenik, EH Bilduk herritarron bizitza aktiboa ere sustatu nahi du, horretarako gazteei zuzendutako auzoetako kirol anitzeko sareen bidez, edota zahartze aktiborako berariazko programen bidez. Era berean, udal kirol jardueretan euskararen erabilera ere sustatzeko asmo irmoa duela adierazi du Solarrek.