AKTUALITATEA


| 2019-05-19 13:14:00

Barakaldoko udaletxerako hautagaia Liher Imazek, EH Bilduk bere herri programan Barakaldo jasangarria lortzeko bidean dituen proposamen batzuk zerrendatu ditu gaur goizean Errekatxon egindako ekitaldi batean. Horien artean, Hegoaldeko Tren Saihesbidearen taxuzko proposamenari ezezko borobila, lur kutsatuak berreskuratzeko plana eta Hiri Antolaketarako Plan Orokorra behingoz indarrean jartzea dira nabarmenenak.

Imazek EAJk eta PSEk Hegoaldeko Tren Saihesbidearen inguruan duten portaera gogor kritikatu du. Biek “ezkutatzen dute egun hauetan gai honekiko jarrera, eta udal mailan alegazio epea handitzea eskatzen duten bitartean, Gorostizan eta Zubiletan eragin handia izango zuen ekimen txikitzaile honen bultzatzaile nagusiak dira Eusko Jaurlaritzan eta Sustapen Ministerioan”. Imazek azaldu du EH Bildu eztabaida soziala piztearen aldekoa dela eta begi onez ikusten dituela Barakaldo Naturala plataformak aurkeztutako proposamen alternatiboak. Merkeago izateaz gain, ez luke kalte naturalarik eragingo Barakaldon, eta udalerriko hedatzeko aukerarik handienak dituzten bi eremuentzat, Desertu eta Lutxana auzoentzat hain zuzen ere, birsonkuntza aukera berriak izatea suposatuko litzateke, aldirikoen Renfe trenbideak lurperatuko baitira aukera honen alde eginda.

Udal gobernutik EH Bilduk bultzatuko lukeen beste neurri bat Hiri Antolaketarako Plan Orokorra (HAPO) indarrean jartzea izango litzateke. Hiritargoaren parte hartzearekin, eta garraio publikoari dagokionez Barakaldoko benetako premiak jasoko dituena: garraioaren ordutegiak eta maiztasunak, oinezkoen aldeak, bidegorriak, eta aparkalekuak. Plan horrek KBusaren lineak berrantolatu beharko lituzke, linea berri bat sortzen, eta ibilbide laburragoak eta ibilgailu txikiagoak baliatuta, eta beti ere herritarren parte hartzearekin, auzo guztiak lotuko lituzke oinarrizko zerbitzuekin, hala nola osasun etxeak eta ikastetxeak.

Garrantzitsua da era berean hautagai subiranistaren aburuz Argalarioko lindano-gordailuko edukiari behin-betiko irtenbidea bilatzea, zeren eta gordailu hura behin-behineko irtenbidetzat hartuta eraiki baitzen duela bi hamarkada. Imazek salatu du halaber udala eta Eusko Jaurlaritzaren ezegina Barakaldon lindane kutsadura arazoaren aurrean, eta gogora ekarri du aste honetan Ekologistak Martxan elkarteak Modorretan aurkitutako legez kontrako lindano zabortegia: “horrelako gertaerek oihartzun handiago izan beharko lukete eta berehalako jarduketak egon beharko lirateke. Zentzu honetan EH Bilduk zoru kutsatuen katalogoa berraztertzea proposatzen du eta zoru hauek berreskuratzeko plan bat sortzea. “Gure iragan industriala dela eta, ekintza hau oso garrantzitsua da”.

Bukatzeko, gobernua eskuratzeko kasuan, EH Bilduk bostgarren edukiontzia hedatuko lukeela auzo guztietara hitzeman du Imazek: “bere erabilpen zuzena bermatzen, informazio kanpainak eginez. Beti ere, zabor-ekoizle handiak (ikastetxeak, jantokiak, egoitzak, …) eta auzokide arruntak ezberdintzen”. Gainera, Imazen ustez, “beharrezkoa da poltsa biodegradagarriak erabiltzen erraztea, poltsa hauen hornigailuak ipintzen auzo guztietan.