Duela aste pare bat, Udalak iragarri zuen Merkataritza Txikia indartzeko martxan jarriko zuela Kontsumo Bonoen kanpaina berria.Baina, zoritxarrez, herriko eragileek salatuta ohartu ginen bonoen kudeketarako webgunearen euskarazko bertsioa akatsez beteta zegoela, euskarari inolako arreta ez ematearen beste ondorioetako bat.
Inguraldeko presidenteak, berehalakoan webgunea itxi eta barkamena eskatu zuen, hemendik aurrera protokolo zorrotzak martxan jarriko zituztela azalduz.EH Bilduk, lehen aldia ez zela jakinik, gertakizunak salatzeaz gain, Gobernu Taldeari bi eskaera egin genizkion:
Alde batetik, halako egoerak errepika ez zitezen eta Udal mailako esku hartze integral bat adostu ahal izateko batzorde bat deitzea. Bestetik, Inguraldeko presidenteak iragarritako protokolo horiek nork erabaki eta non aplikatuko ziren galdetu genuen.
Udal Gobernuak jakinarazi digu ez dela batzorderik deituko, arazo “isolatu” bat izan delako. Eta, gainera, protokolo horiek Inguralde erakundeari bakarrik dagozkiola, eta beraz, bertan baino ez direla erabaki eta aplikatuko.
Honekin guztiarekin, EH Bilduk adierazi nahi du:
Gobernu Taldeak euskararen defentsarako duen jarrera lotsagarria izaten ari dela, hizkuntza eskubideen urraketa ahalbidetuz eta arazo honi modu integralean heltzeko duen interes falta agerian utziz. Hau ez baita kasu isolatu bat, behin eta berriz ikusi baititugu euskararen kontrako erasoak Barakaldon. Webgune ofizialeko agirietatik hasita, Udal Artatze zerbitzuetako makinak edo Udal Merkatuko ekintzetaraino.
Bestalde, Gobernu Taldeari eskatzen diogu dauden hutsuneak aitortu eta lankidetza espazioak martxan jar ditzan. Ulergaitza iruditzen baitzaigu Euskara Plana onartzeko prozesuan dagoen bitartean Udal Erakunde bat bere protokolo propioak egiten egotea, eremu publikoaren inolako koordinazio, koherentzia eta estrategikotasunik gabe.