Gaurko egunean, Maria Solar EH Bilduko bozeramaileak talde politikoaren irakurketa egin du Hegoaldeko Trenbide Saihesbidearen inguruko azken mugimenduei buruz.
Alderdi politikoak adierazi duenez, “Ministroen Kontseiluak Hegoaldeko Trenbide Saihesbidearen (VSF) informazio-azterlana onartu du eta, EH Bilduk azpiegitura honen aurkako jarrera berretsi du, ekonomikoki eta ingurumenari dagokionez jasangarriagoa den alternatiba bat dagoela gogoraraziz, eta Santurtziko portutik merkantziak irteteari aterabide bat ematen diona.
Alderdi subiranista eta ezkertiarrak EAJren eta PSOEren jarrera deitoratu du, bi indar politiko horiek izan baitira proiektuaren sustatzaileak udalaz gaindiko erakunde guztietan. Horregatik, min ematen digu formazio hauen egungo joko mediatiko eta publikoak Barakaldon; Gasteizen eta Madrilen euren ordezkariak izan baitira azpiegitura hau bultzatu dutenak.
Solarrek proiektuaren ibilbidea errepasatu du, “bi alderdiek duten erabakia eta erantzukizuna azpimarratuz azpiegitura hori ahalbidetu duten erakundeetan: 25 urteko erabaki politikoak, egungo egoerara ekarri gaituztenak.
Proiektua Gobernu Zentralaren ekimenez sortu zen Madrilgo bulegoetan (PP eta PSOE). Eusko Jaurlaritzarekin (EAJ eta PSE) hitzarmena sinatu zuten. Gobernu honek Proiektuaren Azterketa egin zuen, Aldundiaren (EAJ) oniritziarekin batera, aldeko ingurumen txostenekin eta lurperatzea alternatiba bideragarri gisa baztertuz.W
“Carlos Fernández jauna, Barakaldoko talde sozialistaren bozeramailea. Hitz egingo al duzu zuzenean Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko Ministerioarekin (PSOE), proiektua bere osotasunean berrikusi eta dauden beste aukerak azter ditzan?
Amaia del Campo andrea. Irmotasuna mantenduko duzu alderdiko exekutibari aurre egiteko eta azpiegitura honi ezezko biribila ematea eskatzen duten bizilagunen eskaerak defendatzeko? Alkateak uste al du biaduktua ezkutatzeak bere udalerria ingurumen-kalte ikaragarrietatik salbuesten duela, ez dela ingurumen-inpakturik izango, haurrak ezkutaketan jolasten diren antzera, ikusten ez badira, existitzen ez direla?”
EH Bilduk azpiegitura horren aurkako jarrera berretsi du. Eta proiektua bere osotasunean gelditzearen aldeko apustua egin du. Hau da, Solarren hitzetan, “ez biaduktua, ez tunela. Tunel batek ere kalte handiak dituelako. Begi-inpaktua murrizten da, baina ez ingurumen-inpaktua. Ez ikusteak ez du esan nahi arrastorik uzten ez duenik. Lurpeko tunel bat eraikitzeak ere kalte handiak eragiten ditu lurpean (akuiferoak, kalteak lurrean, aldaketak azaleko eta lurpeko uren erregimenean).”
Bozeramaileak ere proposamenak egin ditu, adieraziz “argi eta garbi esaten dugu HTSaren egungo proiektua gelditu behar dela. Aukera merkeagoak, iraunkorragoak eta bideragarriagoak daudelako. Dagoen azpiegitura handitzea eta hobetzea litzateke aukera bat. Horrela, C1 linean (Santurtzi-Bilbo) zaratak eta eragozpenak sortzen dituzten puntuak lurperatu litezke. Adibidez, Desertu parean trenbideak estaliko lirateke, berdegune bat sortuz eta bi auzo lotuz.
Horregatik, mugatua iruditzen zaigu Barakaldoko Gobernu Taldeak aipatutako informazio-azterlana onartzeko iragarkiari planteatu dion erantzuna. Amaia del Campok azterlanari alegazioak aurkeztuko dizkiola iragarri du, Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) argitaratu ondoren, eta Informazio Azterlanaren behin betiko onarpenaren aurkako errekurtsoa aurkezteko aukera aurreratu du. Mugatua eta eskasa iruditzen zaigu, Gorostizako biaduktua saihestea baitute helburu bakarra, trazadura lurperatzea planteatuz. Logikoa denez, ez dugu proiektua atzeratu dezaketen ekimen horien aurka egingo, baina uste dugu ez dela proiektua geldiarazteko irtenbidea. Barakaldok ez du azpiegitura horren beharrik, alternatibak badaudelako.
Barakaldo, 2024ko azaroaren 15a.