EH Bilduk San Bizenteko osasun zentroaren aurrean aurkeztu ditu gaur eguerdian bere osasun publikoaren inguruko proposamenak. Osasun arloko eskumen gehienak eremu autonomikoari dagozkion arren, Liher Imaz, Barakaldoko Udalerako hautagaiaren ustez, “Udalak osasun publikoaren ikuspegia politika guztietan sartu behar du, udala bera bizilagunen osasuna bermatuko duen eragile aktiboa izateko”.
EH Bilduk gaur aurkeztu duen proposamenen artean, mendekotasun arriskuan edo 1. mailan dauden adinekoentzako egoitza publiko bat irekitzeko konpromisoa nabarmentzen da. Era berean, azpimarratzekoa da auzo bakoitzean eguneko zentro publiko bana zabaltzeko promesa (Barakaldon gaur egun bost eguneko zentro baino ez daude, eta horietako hiru pribatuak dira).
Osasun Aktiboen Mapa egitea, herritarren partaidetzarekin Udal Osasunaren Gizarte Kontseilua sortzea, edo tokiko politiketan osasun politikak sartzeko udal planak idaztea, besteak beste, EH Bilduren hauteskunde programako osasun publikoaren arloan agertzen diren beste proposamenetako batzuk dira.
Imazek ziurtatu du, halaber, udal erakundeak osasuna eraiki behar duela herritarrekin batera, eta elkartasun-mekanismo komunitarioak aktibatu behar dituela inor atzean ez uzteko. Helburu hori lortzeko, indar subiranistak hainbat lankidetza-proiektu biltzen ditu bere programan, hala nola “Hiperuazokideen errepublika”izenekoa, auzoetan harremanak ehuntzeko lankidetza-proiektua; edo “Auzozainak” zerbitzua, auzo-sareen bidez adinekoen nahi gabeko bakardade-egoerak detektatzeko auzo-programa, teknologia berriak eta udal baliabide ekonomikoez hornituko litzatekeena.
Azkenik, Imazek berretsi du bere alderdiak zerbitzu publikoak indartzearen alde egingo duela, eta pribatizatuta dauden guztiak pixkanaka publifikatzeko bidean jardungo duela. Horrela, udal-gobernura eskuratuz gero, EH Bilduk publifikatuko lukeen lehen zerbitzuetako bat Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua izango litzateke, langileen zerbitzuan eta lan-baldintzetan hobekuntzak eginez.