AKTUALITATEA


| 2022-11-22 17:50:00

EH Bilduk ekimen bat aurkeztu du azaroko osoko bilkurarako, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunaren bezperan, Barakaldoko gobernuak Berdintasun Arloaren aurrekontua handitzeko konpromisoa har dezan. María Solar EH Bilduko bozeramaileak azaldu duenez, Sailak zerbitzu eta programa berriei aurre egin ahal izateko, eta berdintasun-plana modu eraginkorrean gauzatu ahal izateko baliabide gehiago izatea du helburu ekimen honek. “Indarkeria matxistari aurre egin ahal izateko, ezinbestekoa da berdintasun-politikak behar dituen giza baliabideetan, eta baliabide teknikoetan inbertitzea”, adierazi du Solarrek, nork argudiatzen du krisia ezin dela aitzakia izan behar “aurrekontuaren murrizketa edo izoztearik justifikatzeko”.

Halaber, EH Bilduko bozeramaileak gogorarazi du aurreko urteetan EAJk eta PSEk atzera bota zituztela EH Bilduk aurrekontuen eztabaidan aurkeztutako aurrekontu-zuzenketa guztiak. Iaz, adibidez, Berdintasun Sailaren aurrekontua bikoiztea suposatzen zuten 400 mila euroko zuzenketak atzera bota ziren. Horrela, udaltzaingoaren genero indarkeriaren unitatea garatzeko, berdintasun teknikari berriak kontratatzeko edo biktimei laguntza juridikoa indartzeko proposamenak errefusatu zituen, besteak beste, Amaia del Camporen gobernuak.

Esan bezala, aurreko urteetan aurrekontuari aurkeztutako zuzenketa guztiak atzera bota direlako, osoko bilkuran ekimen hau aurkeztea erabaki du EH Bilduk. “Iaz, Ogasun Saileko zinegotziak adierazi zuen gure zuzenketa asko gustukoak zituela, baina ezin zirela onartu, onartzeak beste aurrekontu-partida batzuetatik murriztea eskatu zuelako” azaldu du María Solarrek. Aurten, beraz, EH Bilduk aurrekontu zirriborroaren aurkezpenari aurrea hartu dio, udal kontuak egiterakoan gobernu taldeak eskari hau kontuan har dezan. “Barakaldoko indarkeria matxistari buruzko datuak aztertuta, argi dago baliabide feministetan inbertitu behar dela horri aurre egiteko”, argudiatu du Solarrek. Ekimen hau onartuko balitz,  Berdintasun Sailak udal-aurrekontuaren azken postuan egoteari utziko diola gogora ekarri du EH Bilduk, nahiz eta onartuko den itxaropen gutxi duela onartu. Izan ere, udal-gobernuak uko egin zion konpromiso hori azaroaren 25eko adierazpen instituzionalean sartzeari.