Osasun zerbitzu publikoak azken urteotan izaniko “gainbehera” salatu eta Osakidetza “zutik jartzeko” proposamena aurkeztu du Debagoieneko EH Bilduk, gaur, martxoaren 25ean, Arrasateko ospitale aurrean eginiko agerraldian. Besteren artean, azaldu du azken egunetan behin baino gehiagotan izan direla “gainbehera” horren adibideak. “Azken astean, Arrasateko anbulantzia medikalizatua hainbatetan egon da medikurik gabe: martxoaren 19an, gauez; martxoaren 21ean, egunez; martxoaren 22an, gauez; eta, atzo, igandean, gauez. Kezkagarria da. Onartezina”, azaldu dute Debagoieneko EH Bilduko kideek. Rebeka Ubera Aranzeta EH Bilduren Gipuzkoako zerrendakide debagoiendarra, Arrasateko, Oñatiko, Bergarako, Elgetako, Aretxabaletako eta Eskoriatzako alkateak, eta Antzuolako alkateordea izan dira gaurko agerraldian.
Izaro Elorza Arregi Oñatiko alkateak egin du berba Debagoieneko egoeraz. Tartean, medikuntza espezializatuan diren “hutsuneetan” jarri du mira: “Azken urteotako politikek norabide okerrean jarri dute Osakidetza, eta Debagoienak ere nabari ditu horren eraginak. Medikuntza espezializatuan, esaterako, okertzen ari da egoera. Gabezia handia dago medikuetan, pediatretan… Espezialista gehienak beste ESIetatik betetzen dira espezialitateen hutsuneak. Horri buelta emateko neurriak behar dira”. Eta azken hilabeteotan Arrasateko Erakunde Sanitario Integratuan (ESI) izaniko obra iragarpena izan du akorduan. “Obrak iragarri dira, bai. Baina ezin daiteke ahaztu horma horien barruan behar moduko zerbitzua eskaintzeko plantilla falta dela. Osasun alorreko profesional gehiago behar dira”, azaldu du.
Ostera, Oñatiko alkateak azaldu du ez dela lehen aldia Debagoieneko anbulantzia medikalizatua medikurik gabe geratzen dela: “Udaran, Emergentziak ESI-an eskualdeko anbulantzia medikalizatua mediku gabe egon zenean, Debagoieneko alkateok ekimena hartu genuen eta halakorik errepika ez zedin neurriak eskatu genizkion Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburuari. Erantzun zigun esanez bermatua zegoela kalitatezko arreta, eta sarean egiten zela lan, salbuespena izan zela… Bada, denborak ez dio arrazoia eman. Are: egoera okerrera egiten ari da. Horren adibide dugu azken astea”.
Osakidetza zutik jartzeko proposamena
Rebeka Uberak, Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeetan EH Bilduren hautagaiak, bere aldetik, Osakidetzarako EH Bilduren proposamena azaldu du. “Gure konpromisoa aurkezten dugu osasunaren zaintza sustapen eta prebentzioan oinarritutako osasun sistema publikoa eraikitzeko. Eta ez, orain arte bezala, gaixotasunean zentraturiko sistema batean. Batez ere, asistentzian zentratua egon dena”.
Bi begirada nagusietatik lan egiteko konpromisoa hartu du koalizio subiranistak. Alde batetik, osasun politikak “gainerako politiketan txertatzea” proposatzen dute, prebentzioan sakontzeko helburuarekin, eta ingurune osasuntsuak eraikitzeko. Bestetik, Osakidetzaren indartzean lan egiteko konpromisoa agertu dute. “Zentzu horretan, ezinbestean indarrean dagoen pertsonal politika aldatu beharra dago, urtetako pertsonal politikak behin-behinekotasuna sustatu duelako eta horrek ekarri duelako Osakidetzaren gaur egungo egoera”.
Pertsonal politikak eta gobernantza eredua
Osakidetzan erabili diren pertsonal politikak ekarri dute, Uberaren esanetan, “mediku-paziente arteko jarraikortasuna apurtzea Lehen Arretan, arretak kalitatea galtzea, profesionalen motibazio eza, profesionalen ihesa...”. “Egoera horri aurre egiteko, profesionalak erakartzeko kontratazio eredua landu beharra dago ezinbestean, tartean, lanpostu egonkor eta iraupen luzekoak abiaraziz edota kontratu erakargarriak eskainiz, esaterako, asistentziarekin, ikerketarekin eta formazioarekin loturikoak. Era berean, kategoria guztietan egon behar litzateke ibilbide profesionala garatzeko aukera”, gaineratu du.
Eta gobernantza eredua ere jarri du Uberak mahai gainean: “Lan egiteko moduak, gobernantza eredua bera, aldatzea planteatzen dugu; eta Erakunde Sanitario Integratu (ESI) bakoitzean herritarren ikuspegia txertatzeko baliagarri liratekeen maila ezberdinetako parte hartze instrumentuak aktibatzea. Era berean, uste dugu, itxaron zerrenden gardentasuna bermatzeko, garrantzitsua dela horiek herritarren eskura jartzea”.
Proposamen horiek egikaritzeko EH Bilduk ezinbestekotzat jo du lehen lerroan “kudeatzaile onak” jartzea, osasun sistemaren esparrua ezagutuko dutenak. Zentzu horretan, azaldu du langileek parte hartu beharko luketela Osakidetza berrindartzeko prozesuan. “Halako prozesu bat langileekin batera egin beharra dago derrigor”, azpimarratu du.
“Begirada osasungintzari” proposamen politikoa
Aurreko astean aurkeztu zuen EH Bilduk “Osakidetza zutik jartzeko proposamena”, eta dagoeneko eskuragarri dago txostena esteka honetan.