Azken hilabeteetako arazo larriek argi utzi dute kalitate galera gertatu dela Lurraldebuseko Debagoiena eta ibilbide luzeko emakida zerbitzuan, Avanza multinazionalak Transportes Pesa erosi zuenetik. Aldundiak egoera konponbidean jartzeko pausorik eman ez duenez, EH Bilduk proposatu du Gipuzkoako Batzar Nagusiek Gipuzkoako Foru Aldundiko gobernuari berehalako neurriak exijitzea.
- Berehala martxan jar dezala Debagoiena eta Debabarrena eskualdeak Donostia, Bilbo, eta Gasteizekin lotzen dituen garraio zerbitzuaren emakida berritu eta zabaltzeko prozesua; eta, ondorioz, zerbitzua dagokion kalitatezkoa izan dadin, emakida esleitzeko kontratazio prozedura hurrengo urtean amaitua egon dadila.
- Berehala martxan jar dezala lizitazio berri baterako prozedura, autobus flotaren mantenuaren inguruko egoera zuzentzeko: zerbitzu emateko beharrezko autobus kopurura egokitzeko, zein flota erabiltzaileen hazkundeak eta eskariek eskatzen dituzten kalitate eta segurtasun estandarretara egokitzeko.
- Konprometitu dadila bitartekaritza egitera Avanza enpresaren eta langile ordezkarien artean, lan hitzarmena berritzeko akordioa ahalik eta azkarren lor dadin. Modu horretan, Avanzak kudeatzen duen Lurraldebuseko emakidako langileen lan baldintzak hobetu daitezen.
EH Bilduk egindako eskaerak eta erantzunak gertutik jarraitzeko, Aretxabaletako, Arrasateko eta Oñatiko alkateak Gipuzkoako Batzar Nagusietan izan ziren.
Bilkura eguna zela probestuz, alkateek bilera egin zuten Maddalen Iriarte eta Nekane Zinkunegirekin. Herrien eta eskualdearen beharrez hitz egin zuten, gai nagusi hartuta mugikortasuna. “Herritarren beharrei erantzutea lehentasuna da EH Bildurentzat. Herrialdeko lehen indar politiko bezala, erantzukizun hori dugu, eta Debagoiendarron ahotsa Batzar Nagusitan izaten jarraituko du” adierazi dute EH Bildutik.