Araba

Bastidak akordio guztiak adostasunez hartuko dituen gobernu koalizioa izango du

Parekotasunezko Tokiko Gobernu Batzordea eratuko da

| 2019-06-19 10:59:00

Bastidak akordio guztiak adostasunez hartuko dituen gobernu koalizioa izango du  datozen lau urteotan. Horretarako, hainbat mekanismo antolatu dira beti ere bi alderdien programak kontuan hartuz.  Horren berri eman dio EH Bilduk bere kidegoari astelehenean egin zen batzar irekian. Bertan, sinatutako akordioaren xehetasunak azaldu ziren.

 

Akordio horren arabera, “bost zinegotziz eratutako gobernu talde baten oinarrituta, EAJko hiru zinegotzi eta EH Bilduko bi, lan talde indartsua eta bateratua eratuko da, Bastida eta Buradon Gatzagaren alde elkarrekin lan egin eta ahaleginak egingo dituena”. Gobernu talde horren “helburu bakarra eta argia” elkarrekin lan egitea proiektu bateratu bat bi alderdien artean aurrera ateratzea. Horretarako, agintaritzaren hasieran elkarren artean kudeaketa plana sortuko da alderdi bakoitzaren proposamen zehatzak txertatuz. Plangintza honek talde berriaren proposamenei epeak ezartzea eta aurrekontuak aurreikustea baimenduko du.

 

Era berean,  parekotasunezko Tokiko Gobernu Batzordea eratuko da alkatea, EH Bilduren bi zinegotzi eta EAJ-ren zinegotzi batek osatua, udal gobernu akordioa eta udal jardueraren egunerokotasuna kudeatzeko. Konkretuki turismoaren dinamizazioa, merkataritza, memoria historikoaren berreskurapena eta azpiegitura eta egitasmo handien kudeaketa. 

 

Azkenik, EH Bilduren zinegotzi bat Lehen Alkateorde izendatuko da eta kultura, kirola, jaiak, euskara… biltzen dituen arloa alderdi bien zinegotzi banak elkarren artean eramango dute.

EH Bilduk Arabako hamaika udalerri gobernatuko ditu

Horietako bederatzietan gehiengo absolutuarekin gobernatuko ditu

| 2019-06-15 13:13:00

Arabako 53 udalerrietako osaketa egin ostean, EH Bilduk hurrengo legealdian hamaika udalerri gobernatuko ditu guztira, aurreko legealdian baino bi gehiago. Horietako bederatzi udalerrietan gehiengo absolutuarekin gobernatuko ditu. Horrela izango da Aiaraldeko Artziniegan, Lautadako Asparrrenan, Barrundian, Donemiliagan eta Zalduondon eta Gorbeialdeko Aramaion, Legution, Urkabustaizen eta Zuian. Argantzungo kasuan, EH Bilduk zazpi zinegotzitik hiru izango ditu eta beste horren beste Samaniegon.

 

EH Bilduk lehen aldiz izango ditu Artziniega, Samaniego eta Argantzungo alkatetzak eta, era berean, Urkabustaiz berreskuratu du bertan 2011-2015eko legealdian gobernatu ostean. Aurreko legealdiarekin konparatuta, EH Bilduk ez du errepikatuko Laudion eta Zigoitian. Udalerri horietaz gain, EH Bilduk akordioak lortu ditu EAJrekin Bastidan eta Guardian. Arabar Errioxako bi herri horietan, PP kanporatzeaz gain, egonkortasun eta gobernagarritasuna bermatzeko gobernu akordioak egin dira.

 

Guztira, EH Bilduk 121 zinegotzi izango ditu 37 udalerrietan, duela lau urteko hauteskundeen ostean lortutako baino 20 gehiago.

 

EH Bilduk iragarri du tokian tokiko errealitatea eta herritarren interesak lehenetsiko dituela udalak osatzerakoan

Ibon San Saturnino: EH Bilduko hautetsiak herriz herri ari dira hitz egiten indar politiko guztiekin, gehiengo nahikoak eta egonkorrak sortzearren

| 2019-06-13 12:53:00

Arabako 53 udalak osatzeko bi egun falta direnean, EH Bilduk iragarri du tokian tokiko errealitatea eta herritarren interesak lehenetsiko dituela udalak osatzerakoan. Horrela adierazi du Arabako EH Bilduko koordinatzaile Ibon San Saturninok Arabako Mahai Politikoko hainbat ordezkarirekin batera egindako agerraldian. “Kezkatzen gaitu alkatetzak alderdien exekutibek negoziatzeko dinamika horrek, baita gerora akordio horiek herrietan automatikoki ezartzeak ere, inolaz ere udal errealitatea zein udalerrietako herritarren nahiak eta interesak kontuan hartu gabe”, esan du San Saturninok.

Maiatzaren 26ko hauteskundeak igaro eta gero, EH Bilduko hautetsiak herriz herri ari dira hitz egiten Arabako udalerrietan ordezkaritza lortu zuten indar politiko guztiekin “gehiengo nahikoak eta egonkorrak”  ahalbidetzeko helburu bakarrarekin, alkate makila alde batera edo bestera eramateko ez ezik, udalerri bakoitzean datozen lau urteotan politika zehatzak garatzeko ere.

 

Pasa den hauteskunde kanpaina agindu zuen bezalaxe, EH Bilduk ahal diren tokietan Alderdi Popularra alkatetzetatik kanporatzeko konpromisoa bereganatu du, gehiengo alternatiboak sortzearren. Norabide horretan lanean ari da EH Bildu Bastidan eta Guardian. “Aurretik egin dugu, baina aurreko legealdian ikasi dugu ez dela nahikoa PP alkatetza batetik kanporatzea, baizik-eta horrekin batera beharrezkoa dela legealdirako ibilbide orri bat eta gobernantza eredu bat adostea ere”, zehaztu du. Ildo horretatik, EH Bilduk EAJrekin batera koalizio gobernuak osatzeko borondate irmoa dauka, “egonkortasuna eta gobernagarritasuna” bermatzeko.

 

Trebiñuri eta Argantzuni dagokienez, EH Bilduk uste du indar korrelazio nahikoa dagoela integrazioaren arloan aurrera egiteko ibilbide orria adosteko, eta norabide horretan ari da lanean. Horrexegatik, EH Bilduk ohartarazi du guztiz ulertezina izango zela EAJk integrazioaren kontra dagoen PPren sostengua bilatzea EH Bilduri alkatetza kentzearren.

 

“Uste dugu koalizio balizko akordio horiek elkarrenganako leialtasunean eta begirunean oinarritu behar direla, eta alde horretatik EAJk EH Bilduri Zigoitiko alkatetza kendu nahi izateak ez du laguntzen behar den konfiantzazko giro hori sortzen”, azpimarratu du San Saturninok.

 

Larunbatean ikusiko dugu ea tokian tokiko ikuspegi politikoa eta interesak edo edozein modutan alkatetzak lortzeko handikeria eroa eta interes alderdikoiak nagusitzen diren. EH Bildun sinetsita gaude herritarrek luzera saritzen dutela erantzukizuna neurririk gabeko anbizioaren kaltetan”, gehitu du. Eta adibide gisa aipatu ditu Artziniega eta Urkabustaiz, bi herri horietan larunbatetik aurrera koalizioak gehiengo absolutuarekin gobernatuko baitu.

 

San Saturninok hauteskunde emaitzak ere aipatu ditu. Izan ere, EH Bilduk bere historiako emaitzarik onenak eskuratu ditu. Udal hauteskundeetan 37.149 bozka lortzearekin batera, lehen indarra izan da hamabi udalerritan eta 121 zinegotzi eskuratu ditu. Foru hauteskundeei dagokienez, EH Blduk lortutako 33.841 bozkaren ondorioz hamabi batzarkide dauzka.

 

EAJ eta PSEren arteko hitzarmen ia ziurrak Foru Gobernuari gehiengo absolutua bermatzen badio ere, EH Bilduk azpimarratu du datozen lau urteotan bestelako gehiengoak ere osatu daitezkeela. “Ezkerreko indarrek Batzar Nagusietan 51 batzarkidetatik 26 dauzkagu, erabakitzeko eskubidearen aldeko batzarkideak 33 gara, autogobernu berriaren aldekoak 29... Foru Ganbera, beraz, bestelako gehiengo zabalak ere sortzeko gauza da”, zehaztu du.

 

EH Bilduk Arabako Batzar Nagusietan oposizioaren lidergoa hartuko du hurrengo legealdian gobernu alternatiba eraikitzeko helburuarekin

Batzarkide taldea osatuko duten hamabi eledunek gaur hartu dituzte akreditazioak

araba,ehbildu | 2019-06-07 12:17:00

Hurrengo legealdian EH Bilduko Batzarkide Taldea osatuko duten hamabi eledunek akreditazioa hartu dute gaur goizean. Hurrengo ostiralean, ekainaren 14an, emango zaio hasiera legealdi berriari osaketa osoko bilkurarekin. Hamabi batzarkide horietatik zortzi Gasteizko barrutitik datoz, beste bi Aiaraldetik eta azken biak Lur Jareetatik. Kike Fdez de Pinedok, batzarkide taldeko bozeramaileak, gobernu alternatiba osatzeko asmoz oposizioaren lidergoa hartuko duela iragarri du.

 

33.841 bozkekin, inoizko emaitzarik onenak atera ditugu eta emaitza horiek lurralde historikoaren bigarren indarra eta Arabako lurraldean gobernu alternatiba bakarra kokatzen gaituzte. Ispiritu horrekin hasi berri behar den legealdi honetan zehar oposizioaren lidergoa hartuko dugu. Erantzukizunez lanean jarraituko dugu Arabarako alternatiba bat eraikuntzaren ardura EH Bildurena delako. Hori izango da gure betekizuna lehen egunetik datozen lau urteotan”, zehaztu du EH Bilduko bozeramaileak.

 

EH Bildu batzarkide taldean lau batzarkideek errepikatuko dute (Kike Fdez de Pinedo, Iñaki Ullibarri, Nerea Martinez Cerrillo eta Manu Rezola) eta beste zortzi berriak izango dira (Itziar Amestoy, Claudia Venceslao, Antxon Belakortu, June Mujika, Xabi Valdor, Ainhize Solaun, Javier Argote y Eva Lopez de Arroyabe). Taldeko bozeramailea pozik agertu da osaketarekin talde oso “orekatua” delako, hainbat arlotan “eskarmentu handikoarekin” eta esperientzia zein indar eta ideia berriak uztartuko dituena delako.

EH BILDU BATZARKIDE TALDEKO OSAKETA

 

  1. KIKE FERNANDEZ DE PINEDO

Gasteiz. 1961. Euskal Filologian lizentziatua, Bigarren Hezkuntzako irakaslea da. 2011tik 2015era EH Bilduko Udal Taldeko bozeramailea izan zen. Orain, Arabako Batzar Nagusietako bozeramailea da.

 

  1. ITZIAR AMESTOY

Gasteiz. 1985. Kazetaritza ikasi zuen Bartzelonan, ostean Arabara itzuli eta Garan lan egiteko. 2011-2015 legealdian Gasteizko zinegotzi izan zen, EH Bilduren lehen pausuekin batera. Fracking Ez mugimenduan hasieratik ibilitakoa. EH Bilduren baitan komunikazioan aritu da.

 

  1. IÑAKI ULLIBARRI

Gasteiz, 1965. Euskal Filologian lizentziatua. AEKko irakaslea eszedentzian. 2011ko legegintzaldian udal taldeko koordinatzailea izan zen eta 2015eko legegintzaldian batzarkideen taldeko koordinatzailea. Euskalgintzako militantea.

 

 

  1. CLAUDIA VENCESLAO

Madrid. 1979. Gasteizera dator 1989. Alde zaharreko bizilaguna. Internazionalista bihotzez, bere gaztaroan Askapenako militantea izan zen. 1998an Donostira joan zen Zuzenbidea ikastera. Gizarte Lanean diplomatua da. Herri mugimenduan hasi zen Hiesaren Kontrako Batzordean pertsona presoak bisitatzen, eta Cesar Manzanosekin batera ikerketa ezberdinetan parte hartu du. Hiesaren Kontrako Batzordean lan egiten du 2006tik gaur egun arte, gizarte bazterketaren eta espetxeen arloan.  2015ean elkarte berdineko zuzendaritzako idazkaria izaten hasten da 2018ko ekainera arte.

Bere seme alaben eskolako guraso elkarteko kidea da eta Euskal Eskola Publikoaren aldeko plataforman parte hartzen du.

 

  1. ANTXON BELAKORTU

Gasteiz, 1969. Elektronika arloko lanbide heziketa ikasketak. Frantzia kaleko komertzianteen elkarteko kidea eta lehendakari ohia. Gaztedi Rugby Taldeko jokalaria. Gasteizko udaletxeko zinegotzia 2001tik.

 

  1. JUNE MUGICA

Gasteiz, 1988.Enpresa zientzietan diplomatua. Azkenengo 6 urteetan Aernnovako langilea. Gaztetatik hezkuntza ez formalean militatzen, Kimuak Atarrabi aisialdi elkartean.

Mugimendu Feministako kidea.

 

  1. MANU REZOLA

Cornago, Errioxa, 1968. Gasteiztar berri eta euskaldun berria. Gizarte Hezkuntzan diplomatua eta Orientazio Profesionalerako unibertsitate masterra. Nerabeentzako arreta pisu batean lan egin du gizarte hezitzaile moduan eta  laneratze teknikari moduan ere aritu da. 2015etik batzarkidea izan da Arabako Batzar Nagusietan. Talde antimiitaristetan eta intsumisoen mugimenduan ibilitakoa.

 

  1. XABIER VALDOR

Gasteiz 1992. Historian graduatua, eta Bigarren Hezkuntzako irakasleentzako masterra.  Herri mugimendu ezberdinetan parte hartu du, adibidez Gora Gasteizen eta Judimendiko Gazte Asanbladan edota Gazte Mugumenduan.

 

  1. AINHIZE SOLAUN

Aiara, 1990. Goi mailako ikasketak gizarte integrazioan eta gizarte eta kultura animazioan. Gaur egun hezitzaile laguntzailea da Laudioko ikastolan. Dantza garaikideko dantzari eta irakaslea da. Ikasle eta gazte mugimenduan ibilitakoa

 

  1. NEREA MARTINEZ CERRILLO

Laudio, 1977. Zuzenbide juridikoan lizentziatua. Formakuntza teknikaria eszedentzian.

Gaur egun udalgintzako langilea EH BILDUn. Laudioko udaleko zinegotzia formakuntza eta emplegurako ordezkari gisa. (2003-2007).BBNNetako batzarkidea Aiaraldeatik 2013tik gaur egun arte, fiskalitatearen eremuan.

  1. EVA LOPEZ DE ARROYABE

Gasteiz 1973. Larrean bizi da. Abeltzaina. 2007-2011 UAGAko zuzendaritzako kidea izan da. 2014-2016 Gure Soroak elkarteko (emakume nekazarien elkartea) lehendakari ordea izan da. Gaur egun legebiltzarkidea da.

 

  1. JAVIER ARGOTE

Manzanos. 1961. Ikasketak: Goi mailako Batxillergoa. Gasteizko Udaleko Gizartetxeetako zerbitzuko langilea Informazio Agente bezala. LABetik komiteko delegatua izandakoa. Gasteizen, Judimendiko auzoan, jaioa Judimendikoak Auzo Elkartean eta Jai batzordean parte hartu izan zuen. 1988an Manzanosera joan eta bertan Batzar Administratiboko kidea izan da hainbat alditan, bokal eta presidente gisa. 1996an Arabako Kontzejuen Elkartearen (ACOA-AKE) sorreran parte hartu zuen. Elkartearen presidentea izan da 18 urtez 2017an kargua utzi zuenerarte. Egun Manzanoseko Batzar Administratiboaren Presidentea eta Arabako Ibarretako AHTri EZ Plataformako kidea.

EH Bilduk iraingarria deritzo ITELAZPIk Batzar Nagusiek onartutako mozioari emandako erantzuna eta azalpenak eskatuko ditu bihar Legebiltzarrean

Kike Fernandez de Pinedo: “ITELAZPIk berriro ere mesprezatu egin ditu Arabako Kontzejuak eta Batzar Nagusiak”

eh bildu,araba,kontzejuak,eskumenak,itelazpi | 2019-06-04 10:42:00

Pasa den hilabetean, ITELAZPIk erantzun ofiziala bidali zien Arabako Batzar Nagusiek otsailaren 27an onartutako mozioa zela-eta. Gogoratu beharra dago mozio hartan batzarkide talde guztiek, EAJ eta PSE izan ezik, eskatzen ziotela Eusko Jaurlaritzaren menpekoa den ITELAZPI sozietate publikoari jarrera proaktiboa hartu zezala eta oraindik ere euren mendi publikoetan kokatutako telekomunikazio zentroen egoera arautzea lortu ez duten 28 herriri (gehien-gehienak kontzeju txikiak, baliabide juridiko propiorik gabeak) lagundu ziezaiela, lau hilabeteko epean herri horiekin harremanetan jarriz eta ITELAZPIk kudeatzen dituen telekomunikazio zentro horien eta kudeaketa horretatik ITELAZPIk lortutako diru-sarreren informazioa helaraziz, Foru Agindu banaren bidez herriek kobratu beharreko kontraprestazioa ezarri ahal izateko.

 

Tamalez, eta Eusko Jaurlaritzak Arabako kontuak tratatzen dituen ohiko harrokeriaz, pasa den ostiralean ITELAZPIk bidali zuen eskutitz bat Arabako Batzar Nagusiei, bertako lehendakariorde Xabier Patxi Arrieta Goirik sinatuta, non, eskumen banaketa instituzionala aitzakiatzat hartuta eta Batzar Nagusiak dagoeneko jarduerarik gabe daudela aprobetxatuta, hitzez hitz zera dioen: “…ez da egokia Arabako Batzar Nagusien otsailaren 27ko osoko bilkuran hitzartutako 14/2019 Mozioan eskatutakoari arretarik ematea”.

 

EH Bilduk guztiz iraingarria eta onartezina deritzo berriro ere ITELAZPIk Arabako Kontzejuei eta Batzar Nagusiei erakutsitako mesprezua, Arabako medi publikoetan kokatutako telekomunikazio zentroen bizkar sozietate publiko horrek jasotzen dituen diru etekinen zatia mendi horien jabe diren herriei aitortzeko borondate eza ezkutatzen duena. Horrexegatik, eta dagoeneko Batzar Nagusietan inoren ardurarik eskatzerik ez zegoenez, EH Bilduk Arrieta Goiriren jaunaren agerraldia eskatu zuen Legebiltzarrean, mozio hori ez betetzeko arrazoien berri eman dezan. Agerraldi hori bihar izango da.

ALBISTEAK

EH Bildu Gaubeak Tuestan negutegi batzuk eraikitzeko jarduera eta obra lizentziak baliogabetzea eskatu du

2021-01-12 12:38:00

Udalak partzialki onartu du EH Bilduk aurkeztutako berraztertzeko errekurtsoa, ezinbestekoak diren bi txosten falta zirelako

EH Bildu-k zortzi proiektu estrategiko proposatu ditu Aiaralderako, Europako Funtsen 31 milioiko hasierako inbertsioarekin finantzatzeko

2021-01-05 11:51:00

Proiektuen artean, eskualdeko ospitalea edo aldiriko trenaren zerbitzua hobetzea nabarmentzen dira. Joseba Vivanco: "Aiaraldeak ezin du aukera hau pasatzen utzi eta gure proposamena errealista da eskualdeko proiektu handiei erantzun ahal izateko".

EH Bilduk autogintzaren sektorearen etorkizuna aztertzeko ponentzia bat sortzea proposatu du Arabako Batzar Nagusietan

2020-12-30 09:46:00

EAJk eta PSEk Eusko Legebiltzarrean atzera bota ondoren, EH Bilduren ustez, foru ganberak lurraldearen motorra den sektore baten oraina eta etorkizuna aztertu behar ditu.

Argantzongo Udalak Euskararen Plan Estrategikoa onartu du

2020-12-29 15:40:00

Bost ardatzez dago osatua Plan Estrategikoa: Gizarte erabilera, Hiztun berriak, Hezkuntza, Administrazioa eta Kudeaketa eredua