Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduren Arabako Batzar Nagusietako bozeramaileak Aiaraldeko eskualdeko EH Bilduko ordezkariekin batera aztertu du gaur Aiaraldeko Industria Garapenaren aldeko Mahaiaren emaitza. Arabako Foru Aldundiak joan den urtearen amaieran sortutako organoa da, eta datorren astean itxi nahi dute.
Sei hilabete baino gehiagoko lanaren ondoren, eskualdean zuzendaritza estrategiko bat eta koordinazio organo bat izateko beharra azpimarratu du EH Bilduk. Lan-mahaietan behin eta berriz aipatu den gaia da. "Gabezia hori hilabete hauetan jorratutako gai askotan ikusi dugu. Hor dago Aiaraldeko Ikus-entzunezko HUBaren adibidea. Ez du inolako logikarik Araba eta Bizkaia eremu horretan 8 km-ko bi proiekturekin lehiatzeak. Nahiko sentsazio zabaldua dago elkarrekin lan egiteko eta eskualdeko udalerrien artean lehiatzeari uzteko beharraz ", adierazi du Lopez de Arroyabek.
Gabezia hori konpontzeko asmoz, EH Bilduk proposatu du udalaz gaindiko industrialde bat sortzea, erakunde publiko batek kudeatuta; garapen-agentzien koordinazioa hobetzea, eskualdeko agentzia bihurtuz; edo ikerketarako eta garapenerako aholkularitza-sistema bat sortzea, enpresa txiki eta ertainei zerbitzua emango diena.
Lurzoruari dagokionez, udalerriz udalerri eskualdeko lurzoru industrialaren argazki oso bat egiteaz gain, EH Bilduk eskualdeko ikuspegiarekin lan egitea, eskualdeko GIS bat sortzea, lurzorua birziklatzea, abandonatutako lurzoruak deskontaminatzea eta nekazaritzako industrialde bat sortzea planteatu du.
Jarduera industriala dibertsifikatzea eta jasangarria izatea da EH Bilduk bultzatu duen beste lan-ildo nagusietako bat. Horretarako, energia berriztagarria sortu behar da non kontsumituko den, eta, horregatik, ezinbestekoa da udalerri bakoitzaren behar energetikoak eta horiek energia berriztagarriarekin asetzeko duten gaitasuna ezagutzea, Aiarak eta Artziniegak edo Laudiok Eguzki Mapa egiten hasi diren bezala. Hezkuntza, mugikortasuna edo etxebizitza dira EH Bilduk foro horretan landu dituen gaietako batzuk.
"Azken hilabeteetan 80 proposamen zehatz inguru egin ditugu. Izan ere, Airaldeak etorkizuna duen eskualdea izan behar du, izaera industriala galduko ez duen eskualdea, baina XXI. mendera egokituko dena, etorkizuneko erronka berriei helduz eta guztion artean eskualde erakargarria eraikiz ", laburbildu du Lopez de Arroyabek.