Gizarte Zerbitzuetako diputatua interpelatuko dute funtsezko zerbitzu horri buruz, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemara eta laguntzetara sartzeko atea baita
Araba. 2026-06-16 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak Gorka Urtaran Gizarte Politiketako diputatuari galdetuko dio Arabako Foru Aldundiak desgaitasuna baloratzeko zerbitzua pribatizatzeko duen asmoari buruz. Interpelazio horren bidez, EH Bilduk nahi du «Foru Diputatuak gardentasunez azal dezala zein diren bere planak, erantzun diezaiola langileen eta ordezkari sindikalen kezkari, eta argitu dezala bere asmoa eredu publikoa mantentzea eta indartzea den edo kudeaketa pribatuko formuletan aurrera egitea», Eva Lopez de Arroyabe bozeramaileak azaldu duenez.
Lopez de Arroyabek zehaztu du desgaitasuna baloratzeko zerbitzua funtsezko zerbitzua dela, «Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemara sartzeko atea» baita. «Balorazio horri esker, herritarrek laguntzak, baliabide ekonomikoak eta gizarte-zerbitzuak eskura ditzakete; hau da, desgaitasunaren balorazioak ateak irekitzen dizkie egoitzei, okupazio-zentroei, taxi-bonuari edo atseden-zerbitzuari».
Horregatik, EH Bilduren ustez, albiste txarra da balorazio talde honen lizitazioa kontratatzailearen profilean argitaratzea, «gardentasun gutxiko eta irizpide ekonomiko hutsetan oinarritutako balorazioei ateak irekitzen zaizkielako, zerbitzu honetako langileen lan baldintzen okertzeaz ez hitz egiteagatik».
Claudia Venceslao EH Bilduko prokuradoreak zerbitzuaren desegite eta pribatizazio prozesua zehaztu du. Venceslaok azaldu duenez, 2023ko apirilean jarri zen indarrean desgaitasuna baloratzeko baremo berria, eta horrek aldaketa garrantzitsua ekarri zuen desgaitasun-egoerak ebaluatzeko moduan. Baremo osoagoa, integrala eta pertsonaren errealitatera egokitua da, eta espezializazio tekniko handiagoa eskatzen du. Horren aurrean, batzarkideak gaitzetsi du Aldundiaren aurreikuspena ez dela behar bezalakoa izan trantsizio horri aurre egiteko, «areago aldez aurretik ezaguna izanik».
«Baremazio-sistema berri horren ezarpena Araban planifikazio-falta nabariak eta kudeaketa-akatsek markatu dute; esate baterako, lehen talde gehigarria eginkizun-pilaketaren formulapean kontratatu da, ekipoak leku desberdinetan sakabanatu dira eta zerbitzu-burutza ez da bete hilabeteetan».
Prokuradoreak gogorarazi du EH Bilduk 2025eko aurrekontu akordioan lantalde osagarri oso bat kontratatzea lortu zuela, eta laugarren talde horri esker, balorazio irizpenerako itxaronaldiak % 14,5 murriztu direla aurten. «Horregatik, zaila da ulertzea talde horiek osatuta eta koordinatuta daudenean eta emaitza positiboak eman dituztenean, Sailak desgaitasuna baloratzeko kanpoko taldeen kontratazioa lizitatzea azoka txiki moduko batean, zenbateko ekonomiko desberdina esleituz txosten motaren arabera (medikoa, sanitarioa, psikologikoa edo soziala), kontuan hartu gabe dedikazio profesionala, erantzukizun teknikoa eta egiteko behar den denbora ez daudela esku-hartzearen eremuaren mende, Gizarte Langileen Elkargoak berak ondo adierazi duen bezala. Gainera, bereizketa horrek adierazten du txosten batzuek besteek baino garrantzi handiagoa dutela, eta profesionalen artean desberdintasuna sortzen dutela».
Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeko Langileen Batzordeak eta Desgaitasun Zerbitzuko langileek beraiek publikoki adierazi dute bere gaitzespena, orain arte erabat publikoa izan den zerbitzua externalizatzeko lehen pausotzat jotzen duten erabaki baten aurrean. Arabako Gizarte Langintzaren Elkargo Ofiziala ere pribatizazio horren aurka agertu da.
Bozeramaileak esan du desgaitasunaren balorazioa ez dela «edozein administrazio-izapide: espezializazioa, ezagutza, jarraitutasuna eta gizarte-zerbitzuen sistema publikoarekiko lotura estua eskatzen dituen funtzio publikoa da. Horregatik, uste dugu arlo publikotik kudeatzen jarraitu behar dela, eta baliabide nahikoekin indartu». «Desgaitasunari buruz hitz egiten dugunean, eskubideei buruz hitz egiten dugulako. Eta eskubideez ari garenean, erakundeek zerbitzu publiko sendoak, egonkorrak eta kalitatezkoak bermatzeko erantzukizuna dute», amaitu du Eva Lopez de Arroyabek.