AKTUALITATEA


| 2021-09-08 11:32:00

Zumarraundiko bidetik sarbide duina lortzeko hainbat urtez borrokan aritu ondoren, konponketarako lanak hasi dituzte. Solabarritik Zumarraundira izango da 420.000 euroko inbertsioarekin. Lehenengo zatian bidea asfaltatu egingo da, eta bigarrenean, berriz, Urbiara doan pistaren zati baten gainazala konponduko da.


Lanak 2021. eta 2022. urteetan egingo dira eta Arabako Foru Aldundiak, Gipuzkoako eta Arabako Partzoneriak eta Zalduondoko Udalak finantzatuko dituzte. Nekazaritza Foru Sailak 150.000 euro jarriko ditu, Ingurumeneko Foru Sailak bezala, Parzoneriak 60.000 euro eta Zalduondoko Udalak beste 60.000 euro.
2019ko otsailean, Zalduondoko Udalak bidea ixtea erabaki zuen, egoera txarrean eta larrian zegoelako. "Neurri horrek zalaparta eta presio handia eragin zion Zalduondoko Udalari, eta, hala eta guztiz ere, bere jarrera mantendu zuen, koherentziagatik eta erantzukizunagatik", aitortu du Gustavo Fernandez Villate Zalduondoko alkateak.


2015ean hasi ziren hura konpontzeko lehen kudeaketak, bilerak, agerraldiak, harremanak eta eskaerak. Konponketa integrala egiteko 900.000 €-tik gorako inbertsioa egin behar zen. Gipuzkoako Foru Aldundiak 300.000 €emateko konpromisoa hartu bazuen ere, azkenean ez du bere konpromisoa bete.


Hori dela eta, bidearen zati garrantzitsuak ezin izango dira oraingoz konpondu.


Lanak hastearekin batera, Zalduondoko alkateak eskerrak eman nahi izan ditu herritarrek udalbatzan jarri duten konfiantzagatik eta "bide luze eta gogor honetan erabakiak hartzen" lagundu dietelako.