Duela 10 egun Udalbatzari aurkeztu ondoren, Zuiako kontuak informazio eta partaidetza fasera pasa dira orain. Kontuak urtarrilaren erdialdean onartuko dira, 4 milioi euro inguruko aurrekontuarekin.
Zuiako Gobernu Taldeak 2025. urterako aurrekontu proposamenaren berri eman zuen Kontu Batzordean, otsailaren amaieran. Proposamenak 4 milioi euro inguruko aurrekontua jasotzen du, eta asmoa da urtarrilaren lehen hamabostaldian onartzea.
Gainera, abenduan zehar bilerak egingo dira udalerria osatzen duten kontzejuetako herritarrekin, 2025erako planteatutako ildo nagusiak azaltzeko eta horri buruzko ekarpenak eta iritziak jasotzeko. Bilera horiek aurrekontu ahalik eta pluralenak lortzeko dinamika parte-hartzailearen baitan antolatu dira.
Zuiako alkate Unai Gutierrezen arabera, "2025. urteari begira, udalerriaren beharrak jasoko dituzten aurrekontuak onartzeaz gain, Zuia gure herritarrentzat udalerri hobea bilakatzeko hainbat obra eta eskuhartze garatu eta amaitu nahi ditugu".
Udal finantzaketa eguneratzea eta handitzea
Gainera, Zuiako Udaleko Osoko Bilkurak mozio bat onartu zuen atzo, osteguna, "Toki Erakundeen finantzaketa eredua eguneratzeko beharra" aldarrikatzeko eta Arabako Batzar Nagusiei Arabako Foru Aldundiak Toki Erakundeen Finantzaketa Funtserako dituen baliabideen portzentajea handitzea eskatzeko. Ekimen honen helburua da "Arabako kontzeju, udal eta kuadrillen finantzaketa ahalik eta bidezkoena eta beharrezkoena izango dela bermatzea; modu horretan, gure gizartearen egungo erronka handiei erantzun ahal izateko".
Onartutako testuan, Arabako Foru Aldundiari eskatzen zaio sei hilabeteko epean aurkez dezala FOFELen (Toki Erakundeak Finantzatzeko Funtsa) Foru Araua aldatzeko proposamen bat, 2018an garatu zen ponentziaren ondorioetan oinarritutakoa. Horrez gain, eguneratze prozesu horretan toki erakundeak kontuan hartzea eskatzen da; eta, horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde mailen berezko eskumenen eta finantzaketaren azterketa orokorrari buruzko dokumentua berrikustea.
Zuiako alkate Unai Gutierrezek gogorarazi duenez, azken hamarkada hauetan onartutako legeen bitartez, toki entitateek "gizarte behar berrietatik sortutako zerbitzu eta eskumenak gure bizkarrean hartu ditugu". Hori horrela izanda ere, Arabako toki erakundeen finantzaketa arautzen duen araua ez da eguneratu 27 urtean. "Gizartearen digitalizazioak, trantsizio ekosozialak, erronka demografikoak eta zaintza beharrek, adibidez, finantzaketa tresnak eta -sistemak eguneratzea eskatzen dute ezinbestean", ondorioztatu du Gutierrezek.