AKTUALITATEA


| 2025-10-31 08:53:00

Mendialdean eta Añanan farmazia arreta bermatzeko proiektu pilotu gisa hasi zen proiektuak arrakasta handia izan du, eta Araba osora zabaltzea eta proiektu izatetik zerbitzu bihurtzea eskatuko dute Batzar Nagusietan

Araba. 2025-10-30 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak mozio bat erregistratu du eskatzeko Botika etxean eskura proiektua Araba osora zabaltzea, farmazia arreta herritar orori emateko helburuarekin.

Botika etxean eskura proiektuaren fase pilotua 2025 hasieran jarri zen abian Añanan eta Mendialdean, herritarren farmazia arreta hobetzeko asmoz. Ia 10 hilabete igarota, proiektuak 45 parte hartzaile izan ditu, eta oso balorazio positiboa izan du proiektuak. Hori hala izanik, EH Bildu Arabak proposamen argia egin du: Botika etxean eskura proiektua zerbitzu bilakatzea eta Arabako eskualde guztietara zabaltzea, beharra duen herritar orok eskura izan dezan.

Ruth Ibisate EH Bildu Arabaren batzarkideak adierazi duenez, «Botika Etxean Eskura aukera bikaina izan daiteke zerbitzuak eskuratzerako orduan berdintasuna bermatzeko, bizitokiak sortzen duen desberdintasunari aurre egiteko, biztanleriaren zahartzeari eraginkortasunez erantzuteko eta biztanleria finkatzeko. Hala ere, momentu honetan, zerbitzutik kanpo geratzen diren pertsona asko daude. Izan ere nahiz eta beharra izan, ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten erabiltzaileak topatu ditzakegu martxan jarri diren eskualdeetan eta are beste eskualdetan ere».

Egun, Botika etxean eskura proiektuaren onuradun izateko baldintzak dira, besteak beste, 2 edo 3 mendekotasun-maila aitortua izatea edota kontrolatu gabeko patologiaren bat izatea. «EH Bildun uste dugu zerbitzu hori mendekotasun maila guztiei zabaldu behar zaiela, eta ez dela baldintzarik jarri behar horren onuradun izateko. Gainera, eta esan bezala, Mendialdea eta Añana eskualdeetara mugatutako proiektu baten inguruan ari gara. Ordezkari politikoen aldetik hain balorazio positiboa egiten bada, ez dauka zentzurik proiektua mugatzen jarraitzeak», esan du Ibisatek.

Horregatik guztiagatik, proiektuaren balorazio sakon ofiziala egiteko eskatu diote Arabako Foru Aldundiari parte-hartu duten instituzio, elkargo, toki erakunde eta langile guztien parte-hartzearekin. Horrekin batera, proiektuan parte hartzeko bete behar diren baldintzak berrikusteko ere eskatu diote Aldundiari, zerbitzu hau jaso dezaketen edo jaso nahi duten pertsona guztiengana iritsi ahal izateko Araba osoan, eta aldaketak eta hobekuntzak erakundeekin, kuadrilletako oinarrizko gizarte zerbitzuetako langileekin eta inplikatutako farmazietako langileekin koordinatuta eta etengabeko lankidetzan egiteko.