Sormena sustatzeko eta sortzaileei laguntzeko hainbat diziplina artistiko sarituko dira eta, horrekin batera, Amarika aretoa artisten lana garatzeko zentroa izango da, kudeaketa eredua kolektiboarekin berarekin adostuta
Araba. 2025-10-29 | Arabako Batzar Nagusiek EH Bilduk sustatutako mozio bat onartu dute gaur. Mozio horren bidez, Foru Aldundiari eskatu diote sorkuntza artistikoaren sari bat sortzeko, «sektore artistikoaren sormena eta lana balioesteko eta sustatzeko akuilu gisa» balio dezan. Mozio berean, Foru Aldundiari eskatu diote Amarika aretoan zentro bat sustatzeko sortzaileen kolektiboaren lana garatzeko, kolektiboarekin berarekin lankidetzan.
Estitxu Martinez de Iturrate EH Bildu Arabako batzarkideak sormena sustatzeko mozioaren defentsa egin du. «Kulturari esker, pentsamendu kritikoa garatzen da, eta, beraz, gizarte hobea eta berdintasunezkoagoa sortzen da, batez ere erabateko eferbeszentzia erreakzionarioa duen une honetan». Horretarako, Kultura Sailaren laguntza eta bultzada ezinbestekoa dela adierazi du Martínez de Iturratek.
Horrela, gaur onartu duten mozioan Aldundiari eskatu diote Amarika Aretoan artistentzako sormen-espazio bat sustatzeko legegintzaldia amaitu baino lehen. Aretoaren kudeaketa-eredua sektore artistikoarekin batera erabakiko da eta, kulturaren plan estrategikoaren barruan, aretoa sustatzeko, berpizteko eta erabilera kulturalerako plan bat diseina dadila sektorearekin lankidetzan.
Horrekin batera, "Sortzaileak" saria sortzea eskatu diote Aldundiari. EH Bilduk azaldu duenez, sari honek hainbat arlo izango lituzke: literatura eta grafika (komikia, gidoia, liburuen ilustrazioa, entseguak...), arte eszenikoak (dantza eta antzerkia), arte plastikoak (eskultura, pintura, ilustrazioa), musika, arte bisual berriak (digitala, argazkigintza, bideoartea...).
«Artisten garapen profesionala bermatzeko, sormena lantzeko eta goraipatzeko, ezinbestekoa da lanerako motibazioa lantzea eta sektorearen prekarietateari aurre egitea. EH Bildu batzarkide taldeak argi du kulturaren defentsa izan behar dela gure lurraldearen garapenerako tresna ", esan du Estitxu Martinez de Iturratek.