Zalduondoko Udalak 2025 urterako kontuak onartu ditu aurtengo azken osoko bilkuran. Guztira, milioi erdi euro baino apur bat gehiago izango ditu, aurreko ekitaldietakoa baino nabarmen txikiagoa, Zalduondoko hegoaldeko sare hidraulikoak, energia-komunitatea edo Zumarraundiko bidea bereizteko lanak amaitu ondoren.
Datorren urterako kontuetan 120.000 euroko inbertsioa jasotzen da bolatokiaren ingurua urbanizatzeko. Gainera, beste 56.000 euro sartu dira udalerriaren iparraldeko sare hidraulikoen banaketa eta urbanizazio lanen proiektua egiteko.
Aurreko urteetan bezala, musika eta euskara ikasteko beketarako partidak izaten jarraitzen dute, 8.000 euro inguru kirol jardueretarako, beste horrenbeste herriko jaietarako, 2.500 Zalduondoko kultur elkarterako eta beste 2.000 bertsolaritza eskolarako.