Martxotik zeramika eta eskulan jarduerarik gabe daude foru egoitzetako erabiltzaileak, eta Gizarte Politiketako Sailak familiei jakinarazi die ez direla berriro hasiko
Araba. 2025-06-20 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak Gizarte Politiketako diputatuaren agerraldia eskatu du, foru egoitzetan zeramika eta eskulanen arloko jarduerak kendu direla jakin ondoren.
Claudia Venceslao EH Bilduko batzarkideak azaldu duenez, otsailaren amaieran eta martxoaren amaieran, hurrenez hurren, eskulan eta zeramika jarduerak amaitu ziren. «Une horretan aipatu zen foru egoitzetarako eta eguneko zentroetarako jarduera berrien zerbitzua esleitzeko lehiaketa publikoaren deialdia aurreikusita zegoela».
Hilabeteak igarota, egoitzetako eta eguneko zentroetako erabiltzaileen familiek EH Bilduri jakinarazi diote jarduera berri horiek ez direla ezarri, eta, beraz, aisialdiko orduak murriztu direla zentro horietan.
Hori dela eta, EH Bildu Araba batzarkide taldeak Gizarte Politiketako diputatuaren agerraldia eskatu du, jarduera horiek kentzeari buruzko azalpenak eman ditzan. «Aisialdiko eta denbora libreko jarduerak funtsezkoak dira edozein pertsonaren ongizate fisiko eta emozionalerako, baina adinekoen kasuan horrelako jarduerak murrizteak larriki kaltetzen du haien osasuna», esan du Venceslaok.