AKTUALITATEA


| 2023-11-17 13:38:00

Igande honetan, azaroaren 19an, Zalduondoko txikiek osoko bilkura berezia egingo dute. Zalduondok egingo duen haurrentzako lehen udalbatza izango da. Hitzordua 12.00etan da eta kalejira batekin hasiko da Kortatik Udaletxeraino. Bertan, haurren eskubideei buruzko osoko bilkura bat hasiko da eta Zalduondoko haurrek euren udalerria hobetzeko dituzten proposamenak ere entzungo dira.


Zalduondoko txikiek alkateari zabu biribila eskatuz eman zioten gutun baten ondorioz sortu zen ideia. "Udal taldean jaso genuenean pentsatu genuen nolabait ahotsa eman beharko litzaiekeela eta euren eskaeren protagonista egin. Lehen aldia da haurrentzako osoko bilkura egiten dela, baina ez da udalaren komunitate-bizitzan parte hartzen duen lehena, haurrentzako auzolanak egin direlako eta, besteak beste, zabu batzuk margotu zituzten", azaldu du Lurdes Lekuona alkateak.


Data esanguratsua da, azaroaren 20an haurren eskubideen eguna ospatzen baita. Horregatik, Zalduondok data aprobetxatu du pertsona guztiek beren ingurunearekin eta komunitatearekin dituzten eskubideetan, konpromisoetan eta betebeharretan eragiteko. Oraingo honetan, 0 eta 14 urte bitarteko 17 haur daude Zalduondoko udalerrian erroldatuta eta horiek guztiak daude gonbidatuta.