AKTUALITATEA


| 2023-12-22 11:30:00

Urkabustaizko udalbatzak onartu du, asteazken honetan, bere historiako udal aurrekontu handiena 1.985.853,71 eurok osatutakoa. Era berean, Urkabustaizko Musika Eskolako (UME) aurrekontua ere onartu da, 153.291 eurokoa. EHBILDUren gobernuaren gehiengoak onartu ditu horiek, eta horretaz eztabaidatu ostean, PNV abstenitu egin da.

Xabier Álvarez de Arcaya alkateak azaldu ditu dokumentuaren ildo nagusiak eta arloz arlo gainbegiratu ditu. “Aurreko urteetako ildo nagusiak jarraitu ditugu, Gizarte Zerbitzuak sendotzeko ahaleginari eutsiz, enplegua sortzeko lanean eta udal ekipamenduak berrituz”.

Aurrekontuan Izarra Herri Eskolako jolasgunea patio inklusiboa bilakatzeko eraldatzearekin jarraitzeko partidak jasota daude; baita ere udal eraikinek autokonsumoa bermatzeko Landaverde biltegian egokitu beharreko eguzki plaka gehiagoren instalaziorako adostutakoak. Horrez gain, ingurumenarekin zein uraren kudeaketa eta kontsumoaren harira lotuta antolatutako Asteklima klima eta energia astearekin lotutako partidak ere handitu dira. 

Tokiko ekoizle eta merkataritza babestu eta bertako kontsumoa sustatzeko partidari eutsi zaio, eta indartu dira kultura ekintza, euskararen sustapena zein emakume eta gizonen arteko berdintasunari dagozkionak.

Gainera, aurrekontu hau handituz joango da udal gobernuak eskatutako behin betiko ebazpenekin eta beste administrazio batzuen plan eta programekin. Izan ere, “zuhurtasun irizpidea aplikatuta” kopuru horiek ez dira udal aurrekontuan sartuko behin betiko aldeko ebazpenak izan arren, udal gobernuaren bozeramaileak argitu nahi izan duen bezala.