AKTUALITATEA


| 2021-12-30 12:14:00

Urkabustaizko osoko bilkurak argi berdea eman die 2022rako aurrekontuei, eta 1,5 milioi euro baino gehiago izango dituzte. Aurreikusitako inbertsioen artean, Izarrako aparkalekuaren erreforma integrala, 140.000 euroko aurrekontua duena eta Arabako Foru Aldundiaren diru-laguntza izatea aurreikusten dena. Obra hori aprobetxatu nahi da aparkalekuan dauden zabor-edukiontziak lekuz aldatzeko eta ezkutatzeko eta horretarako, 35.000 euroko aurrekontua izango du Udalak. Era berean, ibilgailu elektrikoak kargatzeko bi gune jarriko dira. Horrela, erregai fosilak dituzten ibilgailuak pixkanaka ordezten lagunduko da.

Klima-aldaketaren aurkako borrokaren ildo horretan, beste proiektu bat aurreikusi da plaka fotovoltaiko berriak instalatzeko, sarearen kontsumo elektrikoa merkatzeko eta kontsumo horren zati handi bat berez sortzeko. Azken bi proiektuak finantzatzeko, Urkabustaizek NEXT Generation-en laguntza europarrak jasotzea espero du eta dagoeneko deialdira jo du.

Izarrako eskolak ere hainbat hobekuntza izanen ditu datorren urteko kontuetan. Horrela, 35.000 euro inguruko aurrekontuarekin, ikasgela gehiago, korridoreak eta patioa egokituko dira. Gainera, 3000 euro gehitu dira eskolako mantentze lanen partidan, berogailu instalazioan, beharrezkoak diren konponketak egiteko. Gainera, Haurreskolako obretarako 3.0000 euroko partida berri bat sartu da.

Bestalde, udalerriko kontzejuetako obren gastuetan laguntzeko partidan %100 gehitzea lortu da, bai 2020an, bai 2021ean (37.000 eurotik 74.000 eurora pasatzen da urtean). Horrela, Udalak kontzejuekin dituen konpromisoak betetzea lortu du. Urkabustaizko alkateak, Xabi Alvarez de Arcaya azaldu duenez, “aurten lankidetza eguneratu behar da, banaketarako irizpide finkoak aplikatuz eta 2020an onartutako EIOZ ordenantzaren aplikatu behar dugu bertan ezarri baitzen kontzejuek zerga horrengatik ordaintzen denaren %10 jasoko dutela”.

Langileen kapituluan,% 2ko igoera aplikatuko zaie Udalak kontratatutako langileen soldata kontzeptu guztiei, eta Udaleko lanpostuak betetzeko, arautzeko eta finkatzeko prozesuarekin jarraituko da. Azkenik, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunerako partida 1.500€ igo da, eta Udaleku eta Negulekuetarako partida 4.000€ igo da, baita Musika Eskolarako ere, 100.000€ izatera pasatuz. Kultura, kirolak eta euskararen arloan  aurreko urteetako kontu-sailak mantentzen dira, igoera txiki batzuekin, eta espero da COVIDen egoerak aukera ematea aurreko bi urteetan bertan behera utzi diren jarduera asko garatzeko.