EH Bilduk eskatu die eskumena duten erakundeei (Eusko Jaurlaritza eta Arabako Foru Aldundia) premiaz ekin diezaiotela benetako eztabaida sozial bat abian jartzeari, trantsizio energetikoa ahalik eta modu partekatu, ordenatu, justu eta arduratsuenean egin ahal izateko. Arabako Lurralde Historikoko alkateen ahotik egin du, eta nabarmendu dute proiektu energetikoen ugaritzeak ezinegona sortzen duela herritarren artean, eta eskuak eta oinak lotuta dituztela.
"Gure udalerrietatik Eusko Jaurlaritzari eskatu nahi diogu bere erantzukizuna bere gain har dezala proiektu eolikoak eta fotovoltaikoak hedatzeko agindua ematerakoan. Eta klimaren aldeko itun soziala gauzatu dadin, benetako eztabaida soziala aktibatzea eskatzen dugu, baliabide tekniko, ekonomiko eta pertsonal nahikoak izango dituena ", eskatu dute Ainize Gastakak eta Iratxe del Barcok, Laudioko eta Iruraiz Gaunako alkateek hurrenez hurren, EH Bilduko beste alkateekin batera.
Era berean, Arabako Foru Aldundiari eskatu diote bere ardura bere gain har dezala, Eusko Jaurlaritzarekin batera eskualdeko eztabaida-prozesu horiek bultzatzeko, energia-trantsizioa ahalik eta modu partekatu, ordenatu, justu eta arduratsuenean bermatzeko.
"Prozesu honetan guztian, udalerriok eskuak eta oinak lotuta ditugu, eta kezkatuta ikusten dugu gure herritarren artean kontrolik gabeko proiektuen ugaritze horrek sortzen duen ezinegona. Neurriak hartzeko eta prozesu justu, ordenatu eta orekatu bati ekiteko garaia da", gaineratu dute.
Gogoratu dutenez, 2024an, Euskal Autonomia Erkidegoko ekoizpen elektriko berriztagarri autoktonoa elektrizitatearen guztizko kontsumoaren % 7,9 zen. Orduan, Europako bataz bestekoa % 46,9koa zen. "Argi dago, beraz, lehenbailehen heldu behar zaiola gai horri. Baina ez edonola. Gaur egun kaos batean murgilduta bizi gara ", nabarmendu dute. Azken datuen arabera, gaur egun 101 proiektu izapidetzen ari dira Euskal Autonomia Erkidegoan inolako lurralde-antolamendurik gabe. Horietatik 88 Araban daude, 11 Bizkaian eta beste 6 Gipuzkoan.
Hori gutxi balitz, Eusko Jaurlaritzak iragarri berri du partaidetza publikoa sustatuko duela eskala handiko 11 proiektu fotovoltaiko eta eolikotan, 450MW berriztagarriak sortzeko. 80 milioi euroko inbertsio publikoarekin, 2030era arte. Partaidetza publikoa duten 11 proiektu horietatik 9 Araban kokatuko lirateke, eta proiektu guztiak izapidetzen hasi ondoren, eskala ertain eta handiko 92 proiektu izango ditugu gure lurraldean. EAEko proiektuen % 88.
EH Bilduk gogorarazi du bizi dugun larrialdi klimatikoak trantsizio ekosozial erreala eta premiazkoa eskatzen duela. Baina ez da hori bakarrik. Gogorarazi dutenez, trantsizio energetikoa ez da arazo klimatikoa soilik. Bakearen, demokraziaren eta subiranotasunaren sinonimoa ere bada. "Euskal Herria petrolioaren eta inportatutako gasaren menpe dagoen bitartean, kanpoko politiken bahituak izango gara eta mendekotasun honek zaharkituta utziko gaitu. Benetako irtenbide bakarra energia sistema ahalik eta berriztagarriena lortzea da", esan dute.