AKTUALITATEA


| 2026-05-21 15:39:00

Laudioko Udalak udal-jabetzako eraikinetan amiantoa duten elementuen identifikazio- eta inbentario-lana egin du, indarrean dagoen araudia betetzeko eta herritarren segurtasuna bermatzeko helburuarekin. Egindako zentsuak udal-eraikinetan oraindik dauden amiantozko elementuak jasotzen ditu zehaztasunez, baita herri mailako oinarrizko inbentario orokorra ere.
Azken urteetan hainbat esku-hartze egin dira udal-instalazioetan, azkenekoa udal kiroldegian izanda. Eraikin honetan, aldageletan bai graderioan amiantoa zuten bankuak kendu ziren.

Alkateak azaldu duenez, “amiantoaren zentsua egitea ezinbesteko urratsa da udal eraikinen egoera zehaztasunez ezagutzeko eta jarduketa arduratsuak planifikatzeko. Herritarren osasuna lehentasun nagusia da udal gobernuarentzat eta horregatik lanean jarraituko dugu amiantoa duten elementuak modu progresiboan kentzeko eta udal espazio seguruak bermatzeko”.
Halaber, Ainize Gastaka alkateak nabarmendu du Udalak “gardentasunez eta arduraz” jokatuko duela prozesu osoan zehar: “Herritarrek informazio argia eta eguneratua izan behar dute egiten ari garen lanei buruz, eta horregatik amiantoaren inguruko informazio webgunean eskegiko da herritarrek eskura izateko”.
Udalak esku-hartze guztiak enpresa espezializatuek egin dituztela gogorarazi du, indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen segurtasun-neurri guztiak betez. Era berean, udal gobernuak etorkizunean ere beharrezkoak diren jarduketak planifikatzen eta gauzatzen jarraituko duela berretsi du, herritarren osasuna eta udal-instalazioen segurtasuna lehenetsiz.