AKTUALITATEA


| 2026-05-22 08:44:00

Arabako Foru Aldundiari eskatu diote barne-irizpideak sendotu eta indartu ditzala, argitaratzen dituen dokumentu guztietan hizkuntza inklusiboa erabiliko dela bermatzeko

Araba. 2026-05-22 | EH Bildu Arabako batzarkide taldeak mozioa erregistratu du Batzar Nagusietan, Arabako Foru Aldundiari eskatzeko indarrean diren Foru Arauak berrikusteko, gerora hizkera inklusiboan berridazteko.

EH Bilduk argudiatu du legeak ezartzen duela «botere publikoek berdintasunezko gizartea sustatu behar dutela, eta genero-ikuspegia sartu behar dutela beren jarduera guztietan». Zehazki, EH Bilduk gogora ekarri du 1/2023 Dekretuak xedatzen duela hizkera ez-sexista erabili behar dela administrazio-jardunean eta, ildo horretan, «hizkuntza funtsezko tresna dela berdintasunezko gizartea eraikitzeko».

«Hala ere, Araban gaur egun indarrean dauden foru-arauak aztertzean, agerian geratzen da foru-arauen zati handi batek, bereziki berdintasunaren arloko azken arau-garapenen aurretik onartutakoak, gaztelaniazko maskulino generikoan edo egitura ez-inklusiboetan oinarritutako hizkuntza-formulak mantentzen dituztela», adierazi dute EH Bildutik.

Hori dela eta, mozioan indarrean diren foru arau guztiak aztertzeko eskatu diote Aldundiari, «hizkuntza inklusiboaren eta ez-sexistaren irizpideetara egokitzen ez direnak identifikatzeko». Halaber, lau hilabeteko epean txosten bat egiteko ere eskatu dute, egungo egoeraren diagnostikoa, lehentasunez berrikusi beharreko arauak eta hizkuntza sexista egokitzeko proposamenak jasoko dituena. Mozioaren azken puntuan, Foru Aldundiari eskatzen diote barne-irizpideak sendotu eta indartu ditzala, argitaratzen dituen dokumentu guztietan hizkuntza inklusiboa erabiliko dela bermatzeko.

«Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna funtsezko printzipioa da gure gizartean. Horregatik, beharrezkoa da arau-idazketa inklusiboago baterantz aurrera egitea, herritar guztiak ikusarazteko eta berdintasunaren arloko egungo printzipio eta aginduekin bat egiteko», esan dute EH Bildutik.