Aldundiak aldeko irizpidea eman dio EH Bilduk erregistratutako eta exekutiboarekin adostutako foru arau proposamenari, eta, aldi berean, batzorde txostengile bat eratu da kontzejuen foru arau berri bat egiteko helburuarekin
Talde subiranistari «harrigarria» iruditzen zaio Gobernuak berak errezeloak agertzea bere zerbitzu teknikoek idatzitako testu baten aurrean, eta Kontroleko Osoko Bilkurara eramango du gaia
Araba. 2026-05-19 | EH Bildu Arabako batzarkide taldea kezkatuta agertu da Kontzejuen Foru Arau berria bi bidetatik izapidetuko delako Batzar Nagusietan, eta horrek eragin negatiboa izan dezake azken helburuan, hau da, Arabako kontzejuek egungo garaiekin bat datorren arau berri bat izatea eta administrazio-batzarretako ordezkarien eginkizunak betetzeko hobekuntza nabarmenak egitea.
EH Bilduk Foru Gobernuarekin adostutako arau-testu bat erregistratzeko erabakia iragarri zuen, eta atzo Aldundiak EH Bilduren proposamena tramitatzearen aldeko iritzia eman zuen. Hala ere, joan den astean, PPk proposatuta, eta Foru Gobernua sostengatzen duten EAJ eta PSE alderdiek babestuta, ponentzia bat eratu zen helburu berarekin.
Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduko bozeramaileak adierazi duenez, «logikoa eta koherentea da Aldundiak araua izapidetzearen aldeko iritzia eman izana. Izan ere, Aldundiak berak idatzitako testua da». Hala eta guztiz ere, aldeko irizpen hori justifikatzen duen testuan aipatzen diren hainbat gai aipatu ditu Lopez de Arroyabek: «Bitxia eta kezkagarria da AFAk eragozpenak jartzea berak idatzitako testu bati».
Bozeramaileak adierazi duenez, «Gobernu honek bere inkongruentzian sakontzen jarraitzen du; izan ere, ulertezina da dokumentuan aitzakiak bilatzen saiatzea Administrazio Batzarretako kideek prestakuntzarik jaso ez dezaten, edo zalantzan jartzea kontzejuek administrazio-langile propioak izatea eta horien kostua Aldundiak ordaintzea. Bestalde, Aldundiak, aitzakia semantikoen bidez, zalantzan jarri nahi du kontzejuetako barne-desadostasunak ebazteko organo berritzailea».
Horrela, Diputazioaren erabakia justifikatzen duen testuak planteatzen dituen zalantzen aurrean, Eva Lopez de Arroyabek Aldundiko teknikarien lana defendatu du, arauaren testu artikulatuaren idazketan «lan ona» egin dutelako, haiek baitira idazkera juridikoaz eta legeez gehien dakitenak: «Ez dugu ulertzen beren langile teknikoei buruz esatea “xedapen batzuk ez direla formulatu araugintza teknikako jarraibide edo gidalerroei jarraituz”. Profesional bikainak dira, eta badakite zeri buruz ari diren».
PPren proposamena
Era berean, PPk erregistratutako foru arauaren proposamena izapidetzearen aldeko irizpena eman du Aldundiak. Kasu honetan ere, bozeramaile soberanista harrituta agertu da; izan ere, "duela urtebete aurkako irizpena eman zuen, baina oraingoan aldekoa irizpena eman dio oso antzekoa den testu bati. Eta, batez ere, kezkatzen gaitu Aldundiak amarru parlamentario guztiak erabiltzeak, baita legearen aurkako xedapenak dituen foru-arau proposamen baten aldeko irizpena emateak ere, PPri atea irekitzearren».
«Foru Gobernu honen inkongruentziak kontzejuei kalte egingo die azkenean. Joan den astean esan genuen, eta berriro diogu: Arabako Ahaldun Nagusiaren hitzak eta sinadurak gaur egun ez dute inolako baliorik. Alderdikeriaz jokatzen ari dira, euren interesak herritarren interesen gainetik jarriz eta EH Bildu zokoratzen saiatuz, baina galtzen aterako direnak Arabako kontzejuak izango dira eta politikarekiko deserosotasuna sortuko dute, inoiz baino desegokiagoa den garai honetan», amaitu du Eva Lopez de Arroyabek.