AKTUALITATEA


| 2026-05-21 08:13:00

Aiaraldean martxan jartzen ari diren proiektuak eta inbertsioak koordinatuko dituen zuzendaritza estrategiko baten beharra azpimarratu du berriro ere EH Bilduk. Adibide gisa, Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundiak Amurrion eta Urduñan, hurrenez hurren, sustatzen ari diren ikus-entzunezko proiektuak jarri ditu.

Lehenengo eta behin, Arabako Foru Aldundiak iragarri zuen Araban ikus-entzunezko HUB bat jarriko zela martxan duela urtebete. Lehenengo urratsa Amurrioko Maskuribain 1.100 metro karratuko industria-pabilioi bat erostea izan zen. Hori erosteko 600.000 euro inbertitu ziren, eta beste 400.000 euro gorde ziren Amurrioko REFORen formakuntzarekin eta ikus-entzunezko ekoizpenarekin lotutako zentro bat abian jartzeko.

Orduan, Arabako Foru Aldundia harro zegoen Bizkaiko bere homologoari aurrea hartu ziolako, garai hartan horrelako pabiloi baten bila zebilelako, filmaketen aldeko apustua berrindartzeko. Eta lortu zuen. Bederatzi hilabete geroago, Bizkaiko Foru Aldundiak 4,6 milioi euroko inbertsioa iragarri zuen Urduñan, Mariaren Konpainiaren ikastetxe zaharra egokitzeko. 18.000 metro karratuko multzoa da, eta 10.000 metro karratuko lursaila du erantsita.

Datu horiek eskuan, EH Bilduk galdera sorta bat erregistratu du, Aiaraldeko Eskualdeko Plan Estrategikoaren esparruan bi proiektuak nola finantzatuko diren eta, batez ere, bi proiektuak koordinatzeko zer mekanismo ezarriko diren jakiteko.

"Ez du zentzurik hamar kilometro baino gutxiagora bi proiektu abian jartzea, bi zuzendaritza desberdinen menpe daudenak eta eremu berean lehiatzen direnak. Ez ditugu ezagutzen ekimen horien helburuak, ez epeak, ez finantzaketa, ez nola kudeatuko diren. Eta kezkagarriena... ez dakigu nola koordinatuko diren ", laburbildu du Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduk Arabako Batzar Nagusietan duen bozeramaileak.