Iñaki Antiguedad hidrogeologoaren agerraldia ere eskatu du, batzordean eman dezan hausturak izan ditzakeen ondorioen berri
Araba. 2024-06-21 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak Zarama Espeleo Taldeko kideen agerraldia eskatu du Batzar Nagusietan. Espeleologia talde horretako kideek deskubritu zuten Subijanako akuiferoan haustura bat zegoela, Langraizko harrobiko lanek eraginda.
2016an, espeleologo bat ohartu zen harrobiaren leherketek pitzadura eragin zutela Subijanako akuiferoarekin lotuta zegoen haitzulo batean, eta horren berri eman zion administrazioari. 2023an haustura bera eta inguruneko haitzuloak ikertu zituzten Zarama Espeleo Taldeko kideek, eta URA ur-agentziari eta Arabako Foru Aldundiari eman zioten aurkitutakoaren berri.
EH Bilduk Zarama Espeleo Taldeko kideek ikusitakoaren berri jakin nahi du lehen eskutik, eta horregatik gonbidatu ditu batzordera agerraldian azalpenak ematera. EH Bilduk azaldu duenez, «Subijanako akuiferoa lurpeko uraren ezinbesteko iturria da, gure erkidegoaren hornidurarako funtsezkoa eta tokiko eta eskualdeko ekosistemarako garrantzi handikoa». «Subijanako akuiferoko uraren kalitatea eta kantitatea arriskuan egon daitezke Langraizko harrobiaren jardueraren ondorioz, eta horrek ondorio larriak izan ditzake osasun publikoan eta ingurumenean», gaineratu dute.
Iñaki Antiguedad
Halaber, EH bilduk Iñaki Antiguedad EHUko hidrogeologoaren agerraldia ere eskatu du, Euskal Herriko akuiferoei buruz duen ezagutza maila handia dela-eta.
Iñaki Antiguedad Auzmendik jakintza handiak ditu gaiaren inguruan eta bere ikerketa lana uraren kudeaketaz eta hidrologiaz egiten du. Ikertu du Euskal Herriko akuiferoen uraren kalitatea, ea zelako eragina daukaten lurrean burutzen ditugun jarduerek lurrazpiko uretan, eta nolako ondorioak izango dituen klima-aldaketak ur zikloan. Hilabete hauetan hainbat elkarrizketa eskaini ditu Subillan gertatzen ari denaren inguruan eta gertatu daitekeena azalduz. «Horregatik guztiagatik garrantzitsua deritzogu batzordearen aurrean ikusitakoa azaldu eta egiten duten egoeraren analisia partekatzeko aukera izatea», adierazi du EH Bilduk.