Euskal Herria Bilduk San Prudentzio Adinekoen Arretarako Zentro Integrala (CIAM) birgaitzeko eta berritzeko proiektua aurkeztu du gaur. Gaur egun, udal eta foru titulartasuneko hainbat zerbitzu eta baliabide dituen eraikin multzo bat da, baina bere potentzial guztia erabiltzetik oso urrun dago, eta hori guztiz ulertezina da gizarte gisa aurrez aurre dugun erronka demografikoaren eta aurre egin behar diogun zaintza krisiaren aurrean.
«San Prudentzio modulu anitzeko gune bihurtuko dugu mendekotasun egoeran dauden adinekoei arreta emateko, pertsonak beren bizitzaren amaierara arte zaintzeko leku bat izan dadin. Zehazki, bi eta hiru graduko mendekotasun egoera duten pertsonenei arreta emango die, hau da, mendekotasun larria eta mendetasun handia dutenena», adierazi du Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduren Arabako ahaldun nagusigaiak.
Lau helburu bete nahi ditu San Prudentzioko modulo anitzeko zaintza gune berriak. Lehenik eta behin, arretak, zaintzak eta bizitzeko leku bat ematea hainbat arrazoi direla medio, beren ohiko etxebizitzan jarraitu ezin duten adinekoei. Bigarrenik, erraztea ahal den neurrian adinekoek euren autonomiari eustea. Hirugarrenik, zaintzaren arloko eskakizun berriei modu espezializatuan erantzun ahal izatea: alzheimerra edo beste dementzia batzuk dituztenak eta beren bizitzako azken fasean zainketa aringarriak behar dituztenak. Azkenik, laguntza eta babesa eskaintzea adineko pertsonaren senideei eta gertuko inguruneari.
Gaur egun, eraikinek eskain ditzaketen plaza hipotetikoen herena, gutxi gorabehera, hutsik dago. Euskal Herria Bilduren proiektuak aukera emango luke artatutako pertsonen kopurua % 50 handitzeko, 308 izan arte. «Azpimarratu nahi dugu beti modulu eta espazio banatuak, bereiziak eta independenteak dituen antolakuntza dela, adineko egoiliarrei hurbileko eta kalitatezko arreta emateko, baliabide berritzaileak erabilita, eta makroerresidentziaren kontzeptutik erabat aldenduta. Guztiak plaza publikoak izango lirateke», esan du Rocio Vitero EH Bilduren Gasteizko alkategaiak.
Espazioen banaketa berriari esker, zerbitzu eta baliabide berriak eskaini ahal izango dira. Adibidez, eremu soziosanitario berri bat, Arabako lurralde historikoan aitzindaria, Alzheimerra eta beste dementzia batzuk dituzten pertsonentzako. 36 plaza arteko eskaintza, 18 pertsonako bi modulutan. Era berean, bizitzako azken fasean mendekotasuna duten pertsonei zainketa aringarriak emateko gune berri bat, zainketa komunitarioa eta kalitatezkoa eskaintzeko aukera emango duena, 61 plazaraino. Konplexuaren beste eremu batean espazio bat izan da mendekotasun larria eta mendetasun handia duten pertsonen eskura zaintza soziosanitarioak eta erizaintzakoak hurbiltasunez jasotzeko, adibidez, ospitalizazio-prozesu baten edo ebakuntza baten ondoren (28 plaza).
Era berean, mendekotasun larria eta mendetasun handia duten 143 pertsonari egoitza-arretako eskaintza handituko litzaieke, 25 plazako moduluetan. Eta, azkenik, San Vicente de Pauleko ostatu zaharrean dagoen eguneko zentroa laga eta lekuz alda liteke, eraikin horretan Gasteizko Alde Zaharreko osasun-zentro berria kokatu ahal izateko. Lekualdatze horrek eguneko arreta zentroak gaur egun dituen 40 plazak mantenduko lituzke, eta zerbitzu gehiago eskainiko lituzke prebentziozko esku-hartze hobea egiteko eta zahartze aktiboa sustatzeko.
«Euskal Herria Bilduk konpromisoa hartzen du Gasteizen eta Araban adinekoen arretari eta zaintzari bultzada irmoa emateko. EAJren eta PSEren gobernuaren azken legealdietako gelditasunaren eta pribatizazio joeraren aurrean, zaintza sistema publikoa indartuko dugu, kalitatez eta hurbiltasunez. San Prudentzio eraberritzea eta berritzea urrats sendoa izango da norabide horretan, mendekotasun egoeran dauden pertsonak zaintzeko modulo anitzeko gune baten bidez», azpimarratu du Viterok.