AKTUALITATEA


| 2025-09-08 10:14:00

Araudia hizkera inklusibora ekartzeaz gain, gaiak tratatzerakoan arintasun handiagoa lortzea da helburua, aktualitatean zaharkituta geratu diren gaiak pilatzea ekiditeko

Araba. 2025-09-08 | Arabako Batzar Nagusiak 1463. urtean sortu ziren. Europako legebiltzar zaharrenetarikoa da, baina historian zehar bere garapena izan duen  arren, maiz gertatzen da funtzionamendua motelegia suertatzea XXI. mendeko abiadurari erreparatuta. Hori dela-eta, EH Bildu Araba batzarkide taldeak Batzar Nagusietako araudian aldaketak egitea proposatu du, «erakundea eguneratzeko eta XXI. mendeko ezaugarrietara egokitzeko».

«Kalitate demokratikoa hobetzeko eta batzarkide-taldeen parte-hartzean sakontzeko, beharrezkoa da ganbera arin bat izatea, Arabako gizartearen beharrei eta egunerokotasunari erantzuteko gaitasuna izango duena. Ezinbestekoa da herritarrek Arabako Legebiltzarrean beren kezkak eta arazoak konpontzeko gaitasuna islatzea. Horregatik, beharrezkoa da funtzionamendua eta araudia hobetzea eta egokitzea, aldaketa asko izan baitira Arabak azken hamarkadan bizi izan dituenak», esan du Nerea Martinez EH Bildu Arabaren batzarkide eta Batzar Nagusietako Mahaiko kideak.

Testuinguru horretan, EH Bildu Araba batzarkide taldeak proposatutako aldaketen artean dago, esaterako, araudi osoa berridaztea genero ikuspegiarekin, egungo gizartearen isla fidelagoa izateko.

EH Bilduren kezketako bat da Batzar Nagusiek dituzten epe luzeak, eta horren adierazle da datorren urrian eztabaidatuko direla joan den martxotik pendiente dauden mozioak. Nerea Martinezek adierazi duenez, «parlamentu eraginkor bat lortzea da EH Bilduren helmuga, Arabaren eta arabarron arazoak konponduko dituena, eta horretarako arintasuna ezinbestekoa da. Salagarria iruditzen zaigu 30 ekimen baino gehiago egotea eztabaidatzeke aurreko ikasturtetik, osoko bilkuren aurtengo egutegia hasi ez denean». Horren aurrean, EH Bilduk proposatu du eztabaidatzeke dauden gaien artean aukeratu ahal izatea, gaiak zaharkituta geratu ez daitezen, aktualitatearen ikuspegitik. Ildo beretik, EH Bilduk proposatu du gai garrantzitsuei buruzko eztabaida monografikoak antolatu ahal izatea, Arabari eragiten dioten gaiei buruz.

Euskararen erabilerari dagokionez, EH Bilduk proposatu du euskal hiztunen hizkuntz eskubideak bermatzeari garrantzi handiagoa ematea, baita euskarari lehentasunezko trataera ematea ere.

Arabako Batzar Nagusietako kideen eskubideen atalean, boto eskuordetua eskatu daiteke soilik haurdunaldiagatik, erditzeagatik edota ospitaleratzeagatik, eta EH Bilduk uste du mugatuegiak direla kasu horiek. Hori dela-eta, EH Bilduk proposatu du beste kasu batzuk ere jasotzea, hala nola gaixotasun larria, ezintasuna edota baja medikoa.  

Osoko bilkuretako edota batzordeetako hitzartzeen kasuan, EH Bilduren proposamena da Diputatu Nagusiaren hitzartzeak laburragoak izatea: «Ezin dugu ahaztu parlamentua gobernuaren jarraipenerako eta kontrolerako organoa dela eta, beraz, ezin zaio gobernuaren ordezkariari esleitu oposizioko taldeei baino denbora gehiago», esan du Martinezek. Batzordeei dagokienez, agerraldia egiten badu kanpoko eragileren batek, EH Bilduk proposatu du, argipenak edota galderak egitea ez ezik, balorazio politikoak ere egin ahal izatea. Aldaketa proposamen horiek guztiak Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusietako araudiekin harmonizazio handiagoa izateko helburuarekin egin ditu EH Bilduk.