Landa eremuan etxez etxeko laguntza zerbitzua bermatzeko eskatu dio gaur Iruraiz Gaunako Udalak Arabako Foru Aldundiari. Horrela jasota dago gaur osoko bilkuran onartu den mozio batean. Eta mozioan salatzen den bezala, gaur egun ez da eskaintzen zerbitzuak erabiltzaileen beharren arabera, baizik eta azpikontratatutako enpresen baliabideen arabera.
"Gure oinarrizko gizarte-zerbitzuek jakinarazi digutenez, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak adierazi du zaila dela zerbitzu horretan lan egin dezaketen eta lan egin nahi duten pertsonak aurkitzea, eta, beraz, eskariei erantzutea, ez erabiltzaileen beharren arabera, baizik eta azpikontratatutako enpresek adierazitako aukeren arabera. Hala, oinarrizko gizarte-zerbitzuei iradokitzen zaie asteburuetan mugatu behar direla arreta-denborak, edo bi edo hiru hilabete beharko direla espediente berri bat abian jartzeko ", azaldu du Iratxe del Barko Iruraiz Gaunako alkateak.
Horregatik, Iruraiz Gaunako Udalak eskatu dio Arabako Foru Aldundiari berma dezala zerbitzu hori araudian jasota dagoen bezala. Bertan, besteak beste, jasotzen da pertsona etxean ahalik eta denbora gehien egon behar dela, bizi-kalitate onargarriarekin eta zaintzaileei laguntza eskaintzeko aukera eman behar zaiola.
Era berean, Arabako Foru Aldundiari eskatzen zaio neurri posible guztiak ezar ditzala ELZren erabiltzaileek gizarte-zerbitzuetako gizarte-langileek antzemandako premietara egokitutako zerbitzua jasotzen dutela bermatzeko.
"Legea betetzeko, landa-eremuan etxez etxeko laguntza-zerbitzua indartzeko eta arabar guztiek eskubide berak dituztela bermatzeko garaia iritsi da, baita gizarte-arretaren arloan ere, bizilekua edozein dela ere", amaitu du.