Eba Blanco: “Herritarren beharrak politika publikoen erdigunean jartzearen alde lan egiten duen programa, taldea eta komunitatea ditugulako. Eta horregatik, egunez egun lanean jarraituko dugu ongizate-maila handiagoak eskaintzeko.”
Araba. 2024-04-05. Bastidan egin du gaur EH Bilduk Arabako kanpainako ekitaldi nagusia, Mikel Otero eta Eva Lopez de Arroyabe hautagaiekin. Mikel Otero EAEko Legebiltzarrerako hautagaiak EH Bilduren komunitatearen ibilbidea nabarmendu du gaurko hitzartzean, eta mahai gainean jarri du hauteskundeak irabazteko aukera: “Hauteskunde hauek irabazteko moduan gaude, eta guztion artean lortu dugu horretarako beharrezkoak diren baldintzak sortzea”.
Eva Lopez de Arroyabe EH Bildu Arabako batzarkide eta legebiltzarreko hautagaiarekin batera egindako ekitaldian, Oterok bere egin du gobernu zintzo baten eta zerbitzu publikoen aldeko konpromisoa: “Herritarrak lehentasunez defendatuko dituen gobernu zintzo bat merezi dugu, eta gure zerbitzu publikoez berriro harro egoteko konpromisoa hartzen dut. Izan ere, gaur hemen, eta orain, aukera bat dugu. Aukera hori benetakoa da, gizarteak ikusi egiten du: gaur eta hemen, esan dezakegu beharrezkoa den aldaketa politikoa posible dela”.
Mikel Oterok Bastidako EH Bilduko kideen zintzotasuna goratu du, eta euren jarduteko modua nabarmendu du, eskuin espainiarra geldiarazteko herri horrek egindako ahalegina gogora ekarrita: “Gurea printzipioen politika da. Guk Gasteizen, Laguardian, Bastidan… gure interes propioak alde batera utzi eta interes orokorra defendatu dugu. Eta herri interesak eskuin espainola alboratzea eskatzen zuen. Horregatik esan genuen, horregatik esan zuen Leirek “hortxe daude nire eta Oierren botoak”, dohainik. Baina ez, hemen ordainak zeuden. Hemen, Bastidan, PPrekiko zorra kitatu behar izan zuten, Gipuzkoan, Durangon, Zigoitian, Kuartango eta Gasteizen sortu ziren PPrekiko zorra horiek guztiak. Eta Bastida izan zen trukerako txanpona. Hori da gu eta euren arteko alderik handiena. EH Bilduk beti jarriko ditu mandatu herritarra eta interes orokorra guztiaren gainetik. Besteek alderdi interesak eta politikakeria lehenesten dituzten bitartean”.
Eba Blanco Gasteizen
Eba Blanco EAEko legebiltzarrerako hautagaiak, bere aldetik, hauteskunde hauen garrantzia nabarmendu du Gasteizen egindako ekitaldian. Herritarren beharrak politika publikoen erdigunean jartzearen alde lan egiten duen programa, taldea eta komunitatea ipini ditu datorren aldaketarako berme gisa: “EH Bilduk etorkizun oparoa eskaini nahi die arabarrei. Horregatik, apirilaren 21eko hauteskundeek berebiziko garrantzia dute. Asko dago jokoan. Datorren apirilaren 21ean aukera izango dugu bozka aurrerakoia, ezkerrekoa eta abertzalea emateko, eskubide eta bizi-kalitate gehiago eta hobeak ekarriko dituena. Hori da eskaintzera gatozena. Eta erantzukizunez egiten dugu, baina baita gauzak beste modu batera egin daitezkeela sinetsita ere, gauzak hobeto egin daitezkeelako”.
Ildo horretan, Arabak hauteskunde hauetan izango duen garrantzia azpimarratu du Blancok: “Herritarren beharrak politika publikoen erdigunean jartzearen alde lan egiten duen programa, taldea eta komunitatea ditugulako. Eta horregatik, egunez egun lanean jarraituko dugu ongizate-maila handiagoak eskaintzeko. Eta, gainera, haizea alde dugu: ziklo-aldaketa bat gertatzen ari den une historiko bat bizitzen ari gara. Eta horregatik esaten dugu argi eta garbi aldaketarako alternatiba bakarra EH Bildu dela. Eta bide horretan Gasteiz eta Araba erabakigarriak izango gara. Etorkizuna zuen esku dago. Irabaztera aterako gara!”