EH Bilduk Kanpezun egin du gaur Arabako kanpainako ekitaldi nagusia, eta bertan izan dira Mikel Otero eta Eva Lopez de Arroyabe zerrendakideak.
Mikel Oterok gobernantza eredua izan du hizpide bere hitzartzean, eta EH Bildu jarri du Eusko Jaurlaritzan behar den eredu aldaketaren eredu gisa: «EH Bildu da une garrantzitsu honek eskatzen duenaren definizioa: desberdintasunak alde batera uztea eta elkarrekin jardutea, herri gisa ditugun arazoei aurre egiteko. Eta horregatik, gora eta gora egiten ari gara, gero eta gehiago gara, eta horregatik izan nahi dugu gehiago. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ematen ari den ziklo politiko aldaketa indartzeko baliatu behar dugu, bultzada berria Jaurlaritzara ere eramateko».
Oterok herri-mobilizazioa ere aipatu du, orain gutxi iragandako Korrika gogoan hartuta: «Duela gutxi, berriro pasa zen Korrika Mendialdetik. Eta, aurten, begira nola diren gauzak, Errioxatik Mendialdera Herreratik joan da. Ba testigu hori, Samaniegoko EH bilduko alkateak Lagraneko EH Bilduko alkateari eman zion. Nola ez ditugu ba erreleboak pozik emango. Errelebo horietan dago gure bihotzaren eta borondatearen zati bat. Herri grina. Eta aurten bezala, Harro Herri, herri harro bat gara. Orain hauteskundeetara eraman behar dugu espiritu hori. Historia egingo dugu datozen egunetan, eta zuen erreleboa eta bultzada ezinbestekoa izango da azken egunera arte».
Gorka Ortiz de Guinea Gasteizen
Gasteizen egindako solasaldian ere, elkarlanaz hitz egin du Gorka Ortiz de Guinea Arabako zerrendako bosgarrenak. Ildo horretan, lidergo publikoak historikoki izandako garrantzia nabarmendu du: «Herri honek jakin izan du iraganean aurrean zituen erronkei aurre egin eta bizirauten, bere sen komunitarioari eta antolatzeko moduei esker egoera zailak gainditzen. Eta aitor dezagun, horietako askok bultzada eta lidergo publikoaren laguntza behar izan dute prozesu arrakastatsuak izateko».
Herri mugimenduaren eta erakundeen arteko elkarlan hori balioan jarri du Ortiz de Guineak, etorkizunerako formula gisa: «Herri bultzada eta instituzioen makulua elkarrekin jarduteak behar du ezinbestean aurrerantzean ere ongizatea, gizarte kohesionatu eta moderno baterantz urratsak emateko formula. Eta horretarako ezinbestekoa da lidergo publiko sendo eta anbiziotsu bat izatea eta, nola ez, aurrera egiteko ausardia eta kooperazio esparruak irekitzea».
«Hori da, hain zuzen, EH Bildutik aldarrikatzen duguna: lidergo partekatuago eta kooperatzaileago bat, politika ausartak eta anbizioz egingo dituena, herritarrei, enpresei, elkarteei, administrazio publikoa osatzen duten profesionalei eta hauek ordezkatzen dituzten sindikatuei, euren esperientzia eta ezagutzaz baliatu eta talentu kolektiboa herri honen hobekuntzaren zerbitzura jarriko dituena», amaitu du Ortiz de Guineak.