Herritarrek instituzioetan parte hartu ahal izateko Araua berritzea proposatu zuen EH Bilduk, baina taldeek ez dute babestu ekimena
Araba. 2025-04-09 | EH Bildu Araba batzarkide taldearen mozio bat eztabaidatu da gaur Batzar Nagusietan, herri ekimen araugileak aurkezteko herritarrek egin beharreko izapideak eguneratzeko, Foru Arau hori 1986koa baita. EAJk, PSEk eta PPk baztertu egin dute 1986ko lege hori eguneratzea.
Joan den otsailean aurkeztu zuen ekimena EH Bilduk, gobernuak gai honetan erakutsitako «paralisiaren» aurrean. Izan ere, indarrean dagoen foru araua 1986koa da, eta EH Bilduren ustez, «40 urteotan izandako aldaketak aintzat hartu behar dira aldaketak egiteko».
Xabier Valdor EH Bildu Araba batzarkide taldearen bozeramaileak herritarren parte-hartze politikoan jarri du arreta ekimenaren defentsan: «EH Bildurentzat, herritarrek politikan parte hartzea eta ahotsa izatea da kezka nagusietako bat. Izan ere, gero eta zabalduago dagoen desafekzio politikoak nahi ez ditugun eszenatokietara eraman gaitzake eta, beraz, herritarrak politikara eta instituzioetara hurbiltzea bada gure indar politikoak duen helburuetako bat».
Parte-hartze hori bermatzeko, Herri Ekimen Araugilea da Arabako Batzar Nagusiek duten mekanismoa: herritarrei aukera ematen die Batzar Nagusietan Foru Arau proposamen bat aurkezteko, gerora eztabaidatu eta ordezkari politikoek bozkatuko dutena. Mekanismo hori, baina, bi aldiz baino ez da erabili 1986tik, eta bietan Amarica aretoa ixtea saihesteko: «Datu honek hausnarketarako tartea eman beharko liguke», esan du Valdorrek.
Xabier Valdorrek bere harridura adierazi du taldeen ezezko botoaren aurrean: «Gaur hemen batzuek, kontrako botoa azaltzeko, malabare batzuk egin behar izan dituzte eta dena ez dutelako nahi EH Bilduk edozein gaitan ekimena hartzea. Aurreko eztabaidetan ikusi dugu, baina inkongruentziak erridikulua urratzen du».
«Benetan uste duzue ez dela 1986ko arau hau aldatu behar? Gaurko galdera bakarra zen ea gai hau eztabaidatuko dugun ala ez, eta ezezkoa bozkatu duzue, beraz, zuek erabaki duzue 1986an gelditzea», amaitu du EH Bilduren batzarkideak.